ENCINA CASTRESANA

"Arlo turistikoan Aiaraldeak bultzada bat jaso behar du"

Juanma Gallego 2023ko urr. 14a, 06:00

Batzarkide guztien aldetik kolaborazio asko jaso duela dio presidenteak. Argazkia: ENCINA CASTRESANA

Aiarako Kuadrilla gidatzeko ardura berretsi diote Castresanari. Besteak beste, hondakinen kudeaketan aldaketak egin nahi dituztela dio.

EAJ eta PSE alderdietako batzarkideen botoei esker, bigarrenez aukeratu dute Encina Castresana jeltzalea (Artziniega, 1965) Aiarako Kuadrillako presidente. 

Maila pertsonalean, nola hartu duzu bigarren agintaldi honi ekiteko ardura?

Duela lau urte hartu nuen modu berean: ilusio eta gogo askorekin. Aldea da lehen aldian administrazioan ez nuela esperientziarik. Orain, bederen, ilusioaz gain, eskarmentua ere badaramat nirekin. Ardura honetarako nigan konfiantza jarri duten batzarkideei eskerrak eman nahi dizkiet.

Aurreko agintalditik, zer geratu da egitekoen zerrendan?

2019ko urrian hartu nuen kargua, eta 2020ko martxoan pandemia etorri zen. Beraz, buruan genituen proiektu asko bigarren maila batera pasa behar izan ziren, jendearen zaintzara bideratzeko. Adibidez, kuadrillak zabor biltegiaren kudeaketa egiten duenez,  zerbitzu bereziak egin behar izan genituen: zaborrontziak desinfektatu, norbera babesteko ekipamenduak eraman... Pandemiaren ondoren beste proiektu asko egin ahal izan genituen: atez ateko bilketa zabor sortzaile handiekin, kanpainak ikastetxeetan, turismo kanpainak, berdintasun planak, euskara landu, indarkeria matxistaren biktimentzako arreta zerbitzua...

Eta zer lehentasun dituzu agintaldi berriari begira?

Asko. Baina, nabarmentzekotan, bukatu gabe dagoen proiektuetako bat da kuadrillaren egoitzarena. Gure kasuan, kuadrillaren egoitza argitzeke zegoen oraindik; egoera horretan dagoen kuadrilla bakarra gara. Azken batzarretako batean erabaki zen egoitza Arespalditzan geratzea. Foru planaren bitartez diru laguntza eskatu dugu egoitza berritzeko. Udalak utzi digu tokia, baina orain berrituko dugu, teknikariek eta herritarrek behar bezalako toki egokia izan dezaten, eta irisgarritasuna bermatuz. Bestetik, hiri hondakinen zerbitzuaren lizitazioa dugu orain esku artean. Elikagaien alferrikako galera saihesteko proiektu bat dugu ere. Diputazioak antzeko zerbait abiatu nahi du, eta datuak eskatu dizkigute. Bestetik, kuadrillarako lan egiten duten hamahiru pertsonen lanpostuen kontsolidazioan ere lanean ari gara. Horiei ere eskerrak eman behar dizkiet, kuadrillaren alde egiten duten lanagatik. Presidente bat etorri eta joan daiteke, baina teknikariak dira proiektuak aurrera ateratzen  dituztenak. 30 urtez beherako gazteekin ere formazio bat egin dugu, Next Generation funtsekin: lau emakume gazte izan ditugu lanean hainbat teknikariri laguntza ematen.

"AURREKOAN ILUSIOAZ BAINA ESPERIENTZIA GABE ABIATU NINTZEN. ORAIN, ILUSIOA ETA ESPERIENTZIA DITUT"

Hondakin bilketarako plan aitzindaria dago Luiaondon, organikoaren zaborrontzia itxiz eta txartel bidez irekiz..

Bai. Etorkizunean legeak ezarriko du gaikako bilketa egin beharko dela, guztiz jasangarriak izateko. Horregatik, halako bilketak ezartzen hasi behar gara, zaborrontziak itxiz. Luiaondon plan pilotua dute, eta pixkanaka herri guztietara hedatuko dugu zaborrontzien itxiera, bai organikoa zein errefusarena. Hori da asmoa, baina hainbat urteri begirako lana izango da, eta udalekin landu beharko dugu.

Zenbait herritarren artean, halako neurriek haserrealdiren bat sortu ohi dute. Halakorik nabaritu al duzue?

Ez dugu kexarik izan; izatekotan, guri behintzat ez zaizkigu horrelako arazorik iritsi. Ongi ez zebilen txartelen bat ez bada.

Kexaako monumentu multzoa erosi du aldundiak. Zer espero daiteke horren ostean?

Eusko Legebiltzarrean eskualderako aktibazio plan bat onartu zen. Berehalako Jarduera Plan horretan zehaztutako proiektu traktoreetako bat turismoa sustatzea da. Eta bertan azaltzen diren zortzi ekimenetako bat da Kexaakoa. Hainbat ekimen izan dira, bisita gidatuak egongo dira, Ametsen Hariztirako bisitaldiarekin batera. Marka turistikoa ere landu behar dugu. Uste dugu eskualde mailan oso komenigarria dela: Artziniegako gune historikoa edota Ermuko Andre Maria eliza bezalakoak ditugu, baina Kexaarena erreferente bat da, dudarik gabe. Urteak ziren serorak ez zeudela, eta berrikuntza bat behar zen bertan.

Asko sustatzen duzuen beste aukera bat da Txakolinaren Ibilbidearena...

Bai, 2022an ibilbide horretarako ziurtagiria berreskuratu dugu [Espainiako Ardoaren Hirien Elkarte] ACEVINen. Bisitatu daitezkeen upategiak ditugu; sari asko jaso dituzte, txakolin, bermut, cava edo ginebrei esker. Eskualdean dagoen enoturismoa sustatzeko Aiaraldeko Plan Estrategikoa garrantzitsua izan daitekeela uste dugu. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar dagoen gastronomia: odolkiak, gaztak... Aiaraldea, zentzu honetan, kuadrilla ezezagunetakoa dela iruditzen zait. Ondare eta natura baliabide miresgarriak ditugu, baina, ez gara guztiz abiatzen. Horretan, bultzada bat beharko genuke.

Bilboko aireportua horren gertu egonda, kanpo turismorako aukerak ere zabalduko dira, ezta?

Bai. Eta, horrez gain, Urduña edo Balmaseda bezalako udalerriak gertu ditugu, asteburuko plan ederra osatzeko.

Euskararen alorrari dagokionez?

Euskara teknikariak egiten ditu kuadrillarako euskara planak, aldundiko Euskara Zerbitzuarekin batera. Egiten ditugun jardunaldi guztiak elebidunak dira, eta, hala ez denean, euskarari beti keinuren bat egiten diogu. Saiatu naiz ikasten, eta ulertzeko eta idazteko gai naiz, baina, asko kostatzen zait hitz egitea. Baina euskara bultzatu behar da, noski. Zorionez, datozen belaunaldiek ez dute arazorik izango, elebidunak direlako.

EH Bilduk Laudio berreskuratu du. Horrek eraginen bat izango al du kuadrillarekiko harremanetan? 

Ez dut uste. Ni beti saiatu izan naiz elkarrizketaren alde egiten, eta beti kolaborazio handia izan dut batzarkide guztien aldetik; guztiek eskualdearen alde egin dute. Elkarrizketa erraza da, bai EH Bildurekin, zein Omnia, Aiara Batuz eta Okondo Aurrera-rekin ere. Planteamendu askotan agian ez dugu bat egingo, noski, baina eskualde mailan ez dugu aparteko arazorik lan egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago