Aiaraldeko Kultur Faktoriak artea eta sormena sustatzeko beste ekimen bat antolatu du udazken honetarako, sortzaileentzako egonaldi eta dirulaguntzen eskaintzarekin batera, Arte Hartze zikloa. Aurten sei ekitaldi edukiko ditu zikloak iraila eta azaroan zehar, hamabost egunetik behin. Faktoriak kaleratu berri dituen bonoek ekitaldi guztietarako sarbidea ematen dute, baina ekitaldi bakar baterako sarrera erosteko aukera ere izango da. Bono orokorrak 35 euro balio du, baina langabe edo ikasle izanda, bonoa 20 eurokoa izango da. Bonoak eta lehen bi jardunaldien sarrerak Faktoriaren webgunean daude jada salgai.
"Sormena biluztuz" lemapean, Arte Hartze zikloaren programazioak artista ezagunekin solasaldiak eta zuzeneko ikuskizunak eskainiko ditu, "kulturari eta prozesu kreatiboei eskainitako arnas tarteak" izango direnak. Hona hemen egitarau osoa:
Goroldiorik ez (Irailak 15, 18:00)
Piszifaktoriako kideak Mikel Ayllon, Igor Arzuaga eta Irati Agirreazkuenaga "natura eta kultura uztartzeko asmoarekin" datoz, "ibilbide poetiko fikzionatu" baten proposamenarekin.
RR (Irailak 29, 18:00)
Maialen Lujanbio bertsolariak eskainiko duen errezitaldi "poetiko-bertso-performatibo-irakurri-ikus-entzunezkoa". Hizkuntza du lehengaia, baina bere izenak aditzera ematen duen bezala, hainbat erregistro ezberdinez baliatuko da emanaldia.
Eukaliptus (Urriak 13, 18:00)
Monolaborantzari buruzko komedia kritikoa, hitzaldi performatibo baten formatuan. Jon Ander Urresti, Beñat Urrutia eta Matxalen de Pedrok lan harreman historiko baten istorioa kontatuko dute antzezlanaren bidez: lurjabea eta langilea, inbaditzailea eta exotikoa, handinahikeria eta zuhurtzia.
Loa, loa (Urriak 13, 19:00)
Zazpi euskal "nana" tradizional berreskuratzen dituen proiektu eszenikoa, Maider Lasa Santamariaren eskutik.
Erritualak espazioan (Urriak 27, 18:00)
Detroitetik etorritako Shua taldeak identitate aniztasuna zein gorputzarekiko, publikoarekiko eta ingurunearekiko interakzioa bilatzen du bere saioarekin bidez. 'Site specific' erresidentziaren saio irekia izango da, soinua eta argiarekin esperimentatuko duena.
Harri, Herri, Har (Urriak 27, 18:30)
Amorante musikariak kontzertua eskainiko du bere azken diskoan ageri diren sentsazioak transmititzeko asmoz: kanpaiak, malenkonia, festa, animaliak, poesia...
Azaroaren 10etik aurrera ospatuko diren ekitaldiei buruzko informazio gehiago argitaratuko du Faktoriak aurrerago.