Sormena garatzeko egonaldiak eta bekak eskaini ditu Aiaraldeko Kultura Faktoriak

Erredakzioa 2024ko abu. 26a, 17:48

Aiaraldeko Kultur Faktoriak sustatutako ekimena. Argazkia: Aiaraldeko Ekintzen Faktoria

Zortzi sari banatuko dira guztira, 'Murgildu sormenean' izeneko lau egonaldi eta 'Arte Arnasa' ekimeneko lau beka. Bigarren edizioa dute bi eskaintzek.

Aiaraldeko Kultur Faktoriak eskualdeko eta Euskal Herri osoko kulturari ekarpena egiten jarraitzeko ekimen berri bi aurkeztu ditu, sortzaileentzako egonaldiak batetik eta dirulaguntza sorta bestetik. Bi deialdiak iraileko lehen asteetan itxiko dira, eta edozein euskaldunek egin dezake eskaera.

Bakarka edo taldeka aurkeztu daitezke proposamenak, baina bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du. Aiaraldeko Kultura Lantaldeak osatuko du epaimahaia, eta kontuan hartuko dute Aiaraldearekin loturaren bat izatea, arte diziplinen arteko hibridazioa lantzea, proiektuen esperimentazio izaera edota balio eraldatzaileak lantzea, hala nola, feminismoa, kultur artekotasuna edo ingurumena, besteak beste.

Bekak zein egonaldiak lortzeko hautagaitzarekin lotuta, zalantzak argitzeko kontaktua zabaldu dute Faktoriatik, kultura@aiaraldea. eus helbidera idatzita edo 633 51 73 83 telefonoaren bidez.

Murgildu sormenean - Sormen egonaldiak

Lau irabazleek aukera izango dute aste oso batez Kultur Faktoriaren espazioak eta azpiegiturak erabiltzeko, "harreman kreatiboez inguratuta, emaitzaren kezkarik gabe, sormen prozesuen aterpe eta arnasgune". Irailaren 12a baino lehen aurkeztu behar dira proiektuak. Areto ugari eskaintzen ditu Faktoriak, eta komunikazio lan talde oso bat, sortzaileen lana erakutsi eta oihartzuna emateko. 500 euroko laguntza ekonomikoa ere jasoko dute sortzaileek, faktura bidez.

Aurkezteko bete beharreko baldintzak eta egonaldiak eskaintzen duen guztia ikus dezakezue hemen sakatuta. Bertan aurkituko duzue izen emateko fitxategia ere.

Arte Arnasa - Sormen Bekak

Sormen lan berri eta berritzaileak garatzeko lau beka ere eskaintzen ditu Aiaraldeko Kultur Faktoriak. 1.000€ko lau sari banatuko dituzte, hautatutako irabazleen artean, norbanako zein taldeak izan. 15 eta 99 urte arteko edozein sortzaile euskalduni zuzendua dago deialdia, eta irailaren 17a baino lehen aurkeztu beharko dira proiektuak.

Deialdiaren oinarriak eta izen emateko modua ikusteko, sakatu hemen. Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak emandako babesari esker banatu daitezke dirulaguntza hauek, Faktoriako kideen esanetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago