Zaharberritze lanak lehen eskutik ikusi ahalko dira Kexaan

Erredakzioa 2024ko eka. 21a, 13:25

Aldundiak 2022an erosi zuen monumentu multzoa. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Uztailetik abendura 1.170 toki eskainiko dituzte bisita orokorrerako, eta beste 180 toki zaharberritze prozesua ezagutzeko. 

Uztailetik aurrera Kexaako monumentu multzoa ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu diputazioak. Oraingoan, bisitek bi formatu izango dituzte, foru erakundeak gaur ohar batean ezagutzera eman duenez. Batetik, bisita orokorra egin ahal izango da. Bisita horietan parte hartzeko 1.170 toki egongo dira, uztailaren 6an hasi eta abendura bitartean. Bestetik, beste 180 toki egongo dira espezializatuagoak diren bisitaldietarako. Horietan, Kexaan egiten ari diren zaharberritze prozesuari buruzko azalpenak jaso ahalko dira. Hilaren 28an hasiko dituzte, eta irailaren 27ra arte luzatuko da horietan parte hartzeko aukera. 

Ana del Val Kultura diputatuaren esanetan, premiazko esku hartzeak egiten ari diren arren, lehen unetik "argi" izan zuten "berriz ere aukera izan behar zela bisitak egiteko, eta lehenbailehen, zaharberrikuntza jarduerak ahalbidetzen zuenean". Horrenbestez, martxan jarri dituzte. Iazko irailean ALEAk aurreratu zuenez, zaharberritze lanen lizitazioa abiatu zutenetik irekita utzi zuten lehengoratze prozesua bera bisita gidatuetan erakusteko aukera. 

Bisita orokorrean, erdiko patioa, Adatseko Ama Birjinaren kapera eta korua, San Joan Bataiatzailearen elizaren goiko korua, komentuko klaustroa eta bisita gela, jangela, kapitulu gela eta dorrea ezagutu ahalko dira. Diputazioak antolatuta ere, Kalearte enpresak gauzatuko ditu bisitak. 

Bigarren proposamenari dagokionez, hilobiak zaharberritzeko egiten ari diren lanak lehen eskutik bisitatu ahalko dira. Harri egitura artistikoen zaharberrikuntza eta kontserbazioan espezializatutako Petra enpresaren esku egongo da bisita horien ardura. 

Erlazionatuak

Distira berria eman nahi diete

Juanma Gallego 2023 ira 02 Aiaraldea   Aiara

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago