Distira berria eman nahi diete

Juanma Gallego 2023ko ira. 2a, 06:00
Pedro de Ayala eta Leonor de Guzmanen hilobiak zaharberrituko dituzte, bai eta kantzilerraren gurasoenak ere. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA

Diputazioak aiararren hilobiak zaharberrituko ditu Kexaan, 200.000 euro baino gehiagoko inbertsioa eginez. Lanek irauten duten bitartean bisitaldiak egin ahalko dira, zaharberritzaileen azalpenak jasotzeko.

Iazko urte bukaeraren ezustekoetako bat izan zen Arabako Diputazioak Kexaako monumentu multzoa erosiko zuelako albistea. Urtearen hasieran 2,7 milioi euroren truke Ama Domingotarrei multzoa erosi ostean, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak aurreratu zuen Kexaa eskualdearentzako "motore" bihurtu nahi zutela. Ordudanik publikoki ezer gutxi aurreratu da gaiaren inguruan, baina, ALEAk jakin duenez, foru erakundeak momentuz alboratu du AEBetako museo batean dagoen Kexaako erretaula originala berreskuratzeko aukera, "ezinezkotzat" jotzen duelako.

Bertan dauden beste zenbait maisulanetan, ordea, esku hartzeak egongo dira aurki. Edo, behintzat, horiek abiatuko dira, aldundiak lanak egiteko hamabost hilabeteetako epea ezarri duelako. Alabastrozko hilobiez ari gara.

Halako lau hilobi daude Kexaan: Pedro de Ayala kantzilerraren eta Leonor de Guzman andrearen hilobi bikoitza da horietako bat. Adatseko Andre Mariaren kaperaren erdian dago bikotearen hilobia, hamabi lehoien gainean. Gertu daude Fernan Perez de Ayala eta Elvira de Ceballosen hilobiak ere. Pedro de Ayalaren gurasoen hilobiak dira horiek, eta,  seguruenera, hasieran horiek ere batuta egongo ziren. Baina, antza, jatorrizko Juan Batailatzailearen elizatik kapera horretara mugitu zutenean zatitu zuten.

Martxan da lizitazioa

Hilobi horiek guztiak zaharberritzeko lizitazioa martxan jarri du diputazioak aste honetan: orotara 207.975 euroko aurrekontua finkatu du aldundiak. Foru teknikariek irailaren 7rako ezarri dute interesatutako enpresekin kaperara bisitaldi teknikoa egiteko hitzordua.

Aldundiak erabaki du lan horiek enpresa pribatu baten esku jartzea, baina, halere, prozesu osoa Zaharberrikuntza Zerbitzuak gainbegiratuko du. Zehazki, zerbitzu horretako harrien eta horma irudien ardura duen adituak jardungo du lanen zuzendari gisa.

ALABASTROA GARBITZEAZ GAIN, POLIKROMIA ARRASTOETAN ARRETA BEREZIA IPINIKO DUTE

Logikoa denez, pieza horien egoera kaskarra da lehengoratze lanen abiapuntua. Aldundiaren txostenean zehaztu dutenez,  historian zehar egin diren lekualdaketek eragina izan dute hilobiak inguratzen dituzten morteroetan. "Zenbait piezatan urradurak, pitzadurak, falta bolumetrikoak eta apurketak daude". Morteroetan ere material originalak falta dira, eta zati batzuk ondoren gehitu dira. Ohi bezala, kalte hauetako batzuk historian zehar egindako konponketetan nahigabean sortu izan dira. 

Polikromiaren galera 

Foru teknikariek zehaztu dutenez, hilobietan polikromia zati batzuk atzematen dira, denborarekin galdu diren arren. Espekulatu dute agian inoiz egindako garbiketa suntsitzaile batek jatorrizko koloreen galera ekarri duela. Harriari berari dagokionez, nabarmendu dute alabastroa aise apurtzen den materiala dela; "azazkalekin ere". 

Gainean dagoen zikinkeria kendu beharko dute beraz; baina, modu berean, oso tentuz ibili beharko dira zikinkeriarekin batera geratu daitezkeen polikromia arrastoak galdu ez daitezen. Zehaztu dutenez, oxidoek ere orbanak eragin dituzte maisulanetan, eta horiei ere irtenbide bat eman beharko diete. 

Zaharberritze prozesuari dagokionez, diziplinan erabiltzen den ohiturari jarraiki, lizitazioa irabaziko duen enpresak dokumentazio lan bat egin beharko du lanean hasi baino lehen. Fotogrametria bitartez piezen irudi oso bat hartu beharko du ere, hiru dimentsioko ereduak sortuz. Horiek zehaztasun oso handia izango dute, gutxienez pixel bakoitzeko 0,2 milimetroko bereizmena eskatu dutelako. 

Gainera, hilobiak mugitu beharko dituztela aprobetxatuz, arkeologoek laginketak egingo dituzte, horien azpian ezustekoren bat egotekotan, horren berri izan ahal izateko. 

Bestetik, eta Zaharberrikuntza Zerbitzuan bertan egin ohi dutenari jarraiki, lizitazioaren txostenean aurreratu dute lanak egiten diren bitartean bisitaldi gidatuak egingo direla, eta, horietan, adituek egindako esku hartzeen berri emango dietela interesa duten bisitariei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide