MUSKERRAK

Planetan bidaide ditugun horiek gerturatzeko

Juanma Gallego 2024ko eka. 9a, 06:00

Natura lehen eskutik ezagutzeko irteera ugari antolatu dituzte elkartean, heldu zein gazteentzako. Argazkia: MUSKERRAK

Aiaraldean ingurumenari eta naturari lotutako ekimenak antolatzen urteak daramatzate Muskerrak ingurumen taldeko kideek. Igerilekuetan sartutako anfibioak erreskatatzen hasi zen beren abentura txikia, eta denetariko programa eta jardueretan murgilduta daude gaur egun.

Ondare historiko eta kulturala lantzen duten talde andana dago gure lurraldean, baina gutxiago dira ondare naturala jorratzen dutenak. Besteak beste, Aiaraldean zegoen hutsune hori betetzeko sortu zuten duela hainbat urte Muskerrak ingurumen elkartea. Halakoetan gertatu ohi den moduan, modu nahiko sinple batean hasi zen dena.

"Orain dela urte asko Maider [Iglesias Carrasco biologoa] eta biok elkar ezagutu genuen, herpetologia ikasten ari ginenean", azaldu du Oier Virizuela biologoak. Bada, 2013an, Okondoko igerilekuetan "bitxo asko pilatzen" hasi ziren, eta bertara joaten ziren bi biologoak erreskateak egitea: igerilekuetan azaldutako anfibioak hartu eta beste norabait eramaten zituzten. "Igerilekuen arazo hau konpondu nahian, pentsatu genuen proiektu bat antolatu bat behar genuela", gogora ekarri du Virizuelak. Aiarako ingurumen teknikariarekin aztertu zuten kontua, eta erabaki zuten hoberena zela inguruan putzuak sortzea. Biologoek ondo ezagutzen dutenez, erreskatatutako animaliak ezin daitezke edonora eraman, eta aurkitu diren lekutik ahalik eta hurbilen utzi behar dira. Hortik abiatu zen, hain justu, taldeak egin duen proiektu garrantzitsuenetakoa, Iglesiasek azaldu duenez. "Ehunka anfibio hiltzen dira urtero herriko igerilekuetan, itota edo garbiketak hasten direnean kimikoek hilda", azaldu du. Hori dela eta, Muskerrak elkartetik urteak daramatzate harrapatuta geratzen diren animaliak erreskatatzen. "Gure helburua igerilekuetatik hurbil putzuak sortzea da, anfibioak haiengana erakartzeko eta tranpan erortzea ekiditeko. Anfibioak munduko ornodun mehatxatuenen taldea dira; horregatik, elkartetik gure hondar-alea jarri nahi dugu animalia horien kontserbazioan".

Australian sei urte ikertzen eman ondoren, Kopenhageko unibertsitatean ikertzaile gisa lan egiten du Iglesiasek. Urrun egon arren, kontaktu estuan jarraitzen du elkartearekin, bai telefonoz zein skype bidez. Kontaktu hori are handiagoa izan zen pandemiaren ondorioz jaioterrira bueltatu zenean.

Proiektuak pilatzen

Hasierako proiektu horretatik bestelako aukerak sortzen hasi ziren. Taldeko kideek azaldu dutenez, boluntario bezala bestelako gauzak egiten zituzten eskualdean, besteak beste, udalek hitzaldiak edo irteerak antolatzea eskatzen zizkietenean. Autonomoak zirenez, bururatu zitzaien administrazioarekin lan egiteko elkarte edo enpresa bat sortzeko aukera, ez zitzaielako ondo iruditzen den-dena boluntario gisa egitea. Hortaz, Aiaraldeko ingurumen teknikariarekin batera Jaurlaritzan aurkeztu zuten putzuak sortzeko proiektua, eta elkartea erregistratzeko lehen pausuekin hasi ziren. Besteak beste, Amurrioko Udalarentzat baso igel jauzkariaren (Rana dalmatina) gaineko jarraipena egiten zutenez, hitzarmen bat sinatu zuten, tailerrak, irteerak eta horrelako jarduerak antolatzeko. Gaurdaino. Egun sei lagun daude taldean, baina inguruan bestelako laguntzaileak ere badituzte, eta pixkanaka sare zabal bat eratu da elkartearen bueltan.

Urte hauetan guztietan askotariko proiektuak landu dituzten arren, bereziki horietako batzuk nabarmendu nahi izan dituzte. Horietako bat herritar zientzia deitzen den horrekin lotura handia duen proiektua da: Sugeak lagun izeneko kanpaina. "Berez nik Artziniegan egindako lana berreskuratzea zen ideia", gogora ekarri du Virizuelak. Izan ere, berak horietan interesa zuela jakitun, herriko jendeak sugeak agertzen ziren argazki asko bidaltzen zizkion. Hala, erabaki zuten hori guztia antolatzeko aukera bazegoela. Modu horretan, sugeen gaineko informazio baliotsua eskuratu ahal zuten: sugeen hedapena, noiz eta non azaltzen diren kumeak eta helduak... "Horri esker, urtero datuak ateratzen ari gara", dio biologoak. Oso ondo datorkie hori guztia, zientzialariak mendira "sugeetara" ateratzen direnean, ez baitira erraz ikustekoak. "Horien bila ari zarenean, ez dituzu ikusten; baina, ikusi nahi ez dituzunean, azaldu ahal zaizkizu".

Proiektu kutunenetakoa

Virizuelak dioenez, sugeena ez da beren proiektu "potenteena"; baina bai, ordea, kutunenetako bat. "Ez dauka finantzaziorik, eta lana eskatzen du, jendeari erantzun behar diozulako"; baina, modu berean, bereziki gustuko dute, "jendea inplikatzen delako, eta aukera ematen dizulako azaltzeko bitxo hauek ez direla horren txarrak".

Ospe txarra izan ohi duten planetako auzokideekin jarraituz, aurten "animalia zigortuen inguruko proiektua" abiatu dute. "Anfibioak, sugeak, armiarmak, saguzarrak... horien inguruan irteerak edo tailerrak egiten ari gara". Pozik azaldu da Virizuela izandako harrerarekin: "Espero baino arrakasta handiagoa izan du, eta jendeak nahiko erantzun ona eman du".

Anfibioak mundu osoan mehatxatuta daude. Tartean, gizakiek egindako azpiegiturak tranpa bihur dakizkieke. Argazkia: MUSKERRAK

Esku artean duten beste ekimen bat lorategi jasangarrien ingurukoa da. Diotenez, Euskal Herrian ez dago lorategiei buruzko "kultura" bat. "Udaberrian belarra nahiko hazita dagoenean, dena mozten da, besteak beste hiritar batzuek udaletxera jotzen dutelako landare basatiak kentzeko eskatuz", dio Virizuelak.

Egoera honen aurrean, taldekoek udalari eskatu zioten bereziki loreak azaltzen diren garaian horrelako tarteak mantendu eta errespetatzeko, intsektu polinizatzaile guztiak beherantz ari diren testuinguru honetan habitatak bermatu aldera. "Jakin badakigu ez dela erraza, jendeak bide garbiak ere eskatzen dituelako. Bada, adostu genuen bederen espazio batzuk mugatzeko aukera bazegoela, horietan belarra moztu gabe".

HERRITAR ZIENTZIARI ESKER, SUGEEN JARRAIPENA EGITEN DUTE, INFORMAZIO ASKO JASOTA

Ez zen erraza izan ordea. Kontatu dutenez, bertoko landareekin espazio batzuk erein eta mugatu zituzten Amurrioko Udalarekin elkarlanean, eta hasieran ekimena ondo atera zen. "Baina gero dena apurtu ziguten, eta mugatutako espazioak ere segatu zituzten. Nahiko frustragarria izan zen". Aurreratu dutenez, aurten Artziniegara eramango dute ekimena, bertako Alde Zaharrean lorategi txiki batzuk jartzeko, polinizatzaileek ahal den lore gehien eskura izan ditzaten. "Kostatzen da oraindik administrazioei esatea dena ez dela zertan lorategi estandar bat", kexu mintzo da biologoa. Dena dela, argi dute zeregin horretan ez dutela amore emango, jakitun direlako asko dagoela jokoan. Eta, bide horretan, funtsezkotzat jo dute hezkuntza. "Belaunaldi berriek gure ingurunea zaintzea zer garrantzitsua den ikas dezaten, txikienak naturarekiko maitasunean heziko dituzten helduak behar ditugu", babestu du Virizuelak.

Euskal Herrian natura eta ingurumena ikertzeko "oinarri on" bat eta "ekosistema oso interesgarri batzuk" izanda ere, Iglesiasek "gogoa" faltan botatzen du. "Noski, ikertzeko eta kontserbaziorako ahaleginak egiteko gogo falta hori ere atzematen da politikari eta administrazioan. Beraz, oso zaila da gizartea gure ingurunea ezagutu eta babestearen garrantziaz konbentzitzea".

Naturarekiko deskonexioa

Iglesiasen ustez, naturarekiko dugun "deskonexioa erraldoia" da, eta "jende gehienak, gazteak barne, ez du naturarekiko inolako maitasunik", nor bere buruan "kontzentratuegi" baitago. "Ez gara konturatzen bizitza eroso eta zoriontsu bat jarraitzen izateko planetak ondo funtzionatzen jarraitzea beharrezkoa dela". Haren ustez, planeta kolapsatzen hasi da, eta horrek "eragin izugarria izango du" gure bizitzan. Hori dela eta, jendea animatu nahi dute "ingurumena kontserbatzen laguntzera". Diotenez, "detaile txikiek guztiontzako planeta osasuntsuago mantentzen lagun dezakete". Halako detaileen adibidetzat jarri dituzte "oihal poltsak supermerkatura eramatea plastikoak ekiditeko, autoaren ordez garraio publikoa erabiltzea, lorategietan herbizidak erabiltzeari uztea, edo animaliak gogaitzeari eta, noski, hiltzeari uztea".

Aiaraldeari dagokionez, Iglesiasek dio beste lekuetan dauden arazo berdinak daudela. Besteak beste, "mendietan pilatutako zaborra eta habitaten galera" aipatu ditu adituak. Dena dela, biologoa bereziki kezkatuta agertu da klima aldaketa dela eta. Dioenez, azken urteetan izan den "klima dugun bertako animalia eta landareetan edukiko dituen epe motz eta luzerako ondorioak ezezagunak" direlako. Arazo horiei guztiei, fotovoltaikoak eta eolikoak gaineratu dizkie, halako azpiegiturek ekosistema eta animalietan "efektu larriak" izan ditzaketelakoan. Bestetik, Aiaraldearen kasuan eukaliptoen eta pinudien monolaborantzak aipatu ditu. "Baso politikak lehenbailehen aldatzea garrantzitsua izango litzateke", ohartarazi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago