Atxikimendu kanpaina abiatu dute Aiaraldea Komunikabideko kideek, eta hainbat eragile eta norbanakok adierazi diete babesa jadanik. Duela bi aste iragarri zuen dirulaguntza eten diola Amurrioko Udalak. Eskualdeko udal ugarik ematen dute dirua hedabidea babesteko, euskaraz egiten duen komunikabide bakarra baita eskualdean. Baina Amurrioko Udalak dirulaguntza etetea erabaki zuen, argudiatuta hedabideak "lehia desleiala" egiten ziela autonomo eta enpresa txikiei. Komunikabidetik Amurrioko Udalaren jarrera salatu zuten, eta udalak euskarari egindako "beste eraso bat gehiago" izan zela ohartarazi.
Manifestu bat publiko egin du Aiaraldea komunikabideak. Bertan azaltzen dute eskualdearen euskalduntze prozesu geldoan "funtsezko zeregina" dutela haiek, eta beharrezkoa dela erakunde publikoek halako euskara hutsezko hedabideak babestea, ekonomikoki zein sozialki. Hiru eskaera egin dizkiote Amurrioko Udalari. Euskalgintzaren eragileekin elkarlana estutzeko eskatu diote batetik, "euskararen biziberritzean eragile aktibo" bilakatzeko, hain zuzen. Aiaraldea Komunikabidearekin biltzeko ere eskatzen diote udalari, apirila erdialdetik ari baitira bilera bat eskatzen baina ez dute erantzunik jaso. Azkenik, dirulaguntza berrezartzeko eskatzen diote Amurrioko Udalari, eta kopurua eguneratu dezala, eskualdeko beste udalen mailara ekarrita. Hemen irakurri eta sinatu daiteke atxikimendu kanpainako testua.
Dirulaguntza kendu izana publiko egin zenean Amurrioko Udalak erantzun egin zuen, esanaz Aiaraldea Komunikabidea eta atzean dagoen "enpresa pribatua" askotariko jardueretan zebilela sartuta, "euskararekin zerikusi gutxi dutenak". Horregatik, dirulaguntza ematea gainerako enpresentzako kaltea izango zela argudiatu zuren udalak, eta "lehia desleiala" egitea leporatu zion Aiaraldea Komunikabideari. Kooperatibako kideek erantzun egin diote udalari, emandako argudioei puntuz puntu erantzunez.
Agerraldi herritarra ekainaren 21ean
Atxikimendu kanpainaren barruan, herritarren babesa jasotzeko deialdia egin dute Aiaraldea Komunikabidetik. Ekainaren 21ean, ostiralez, 19:30ean elkartuko dira Juan Urrutia Plazan, Amurrioko Udaletxearen aurrean. Aiaraldea osoko biztanleei, baina batez ere Amurriokoei egin diete deia bertaratzeko.