2012. urtetik izan dute hitzarmena adostuta Amurrioko Udalak eta Aiaraldea komunikabideak. Baina udalak alde bakarrez eten duela ohartarazi du hedabideak, eta bertan behera utzi du 6.000 euroko dirulaguntza. Aiaraldea hedabidetik udalaren jarrera salatu dute, azken urteotan Amurrioko Udalak "euskararen biziberritzearen aurka hartu dituen erabakien azken mugarria" izan dela hau. Apirilaren 15etik udalarekin biltzeko zain daudela jakinarazi dute, baina ez dute erantzunik jaso.
Aiaraldeak udalari kritikatu dio ez duela bete euskararen biziberritzerako Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren plan estrategikoetan jasotako asmoa, euskarazko komunikabideen garrantzi estrategikoa azpimarratzen baita bertan. Aiaraldea komunikabideari "dagokion dirulaguntza publikoa berrezarri" diezaiola exijitu dio udalari. Bestalde, euskararen aurkako jarrera izatea egotzi dio hedabideak Amurrioko Udalari. Aipatu ditu Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluarekin bildu eta adostasunak lortzeari uko egin izana, euskara teknikari lanpostua desagerrarazi izana eta kiroldegiko langileen euskara profilen derrigortasuna kendu izana, besteak beste. Udalari eskatu diote euskararen aurkako "eraso guztiak eten ditzala" eta, oztopo izateari utzita, "euskararen biziberritzearen zerbitzura" jarri ditzala baliabide publikoak.
Euskal tokiko hedabideen bateragunea den Tokikom-ek babesa adierazi dio bertako kide den Aiaraldeari. Udalen laguntza ezinbestekoa dela adierazi du taldeak, eta nabarmendu du halako tokiko hedabideek euskarari eta demokraziari egiten dioten ekarpena. Gertuko informazioa eskaintzea dute xede, Tokikomek dioenez, "bertatik bertara eta modu profesionalean landua". Euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea helburu izateaz gain, gertuko komunitatea dinamizatzeko eragile aktibo izateko asmoa azaldu dute. Aiaraldea bezalako hedabideen garrantzia aldarrikatu du taldeak, dirulaguntza eten izanaren aurrean babesa adieraziz.
Amurrioko Udalaren erantzuna
Udalak argudiatu du dirulaguntza kentzearen erabakiaren helburua inguruko autonomoak eta enpresa txikiak babestea dela. Aiaraldea komunikabidearen taldeari egotzi dio euskararekin "zerikusi gutxi" duten zerbitzu komertzial ugari eskaintzen dituen enpresa pribatu bilakatu izana. Azaldu du dirulaguntza publikoa jasotzeak " lehia desleiala eragiten diela" horrelako laguntzak jasotzen ez dituzten tokiko ekintzaileei. "Ezin da onartu merkataritza-jarduerak dibertsifikatu dituen enpresa pribatu batek jatorriz euskara sustatzeko funts publikoak jasotzea".
Komunikabidearen enpresa pribatu izaera hainbatetan nabarmendu du Amurrioko Udalak bidalitako oharrean. Jarraian, adierazi du "euskara publikoa dela, ez pribatua", eta azaldu du hartutako neurria ez dela euskararen aurkako erasoa, bidezko lehia sustatzekoa baizik. Euskararekin duen konpromisoa berretsi du, eta aipatu ia milioi erdiko aurrekontua bideratu duela 2024. urtean euskararen arlora.
Tokikom hedabide taldeak dio frogatuta dagoela toki komunikabideek ekarpena egiten diotela tokian tokiko ekonomiari. Alde batetik, langileen zein zerbitzu eta produktuen kontratazioaren bidez eta, bestalde, tokiko negozioen berri emanez eta gertuko publikoarekin konektatuz. Amurrioko Udalak Aiaraldea Faktoriari egotzi dio euskaraz besteko zerbitzu eta jarduerak landu izana, hala nola, web orriak, komunikazio zerbitzuak, gaztelekuen kudeaketa, udalekuak, ludotekak, udal aldizkariak, jaien programak, herri bazkarien antolaketa, tokiko produktuen salmenta eta ostalaritza. Eztabaida sortu da, beraz, ea ekimen hauek tokiko ekonomia eta bizitza soziala hauspotzen dituzten, edo lehia desleiala eragiten duten herrian eta eskualdean.
Aiaraldearen egoera ekonomikoa
Komunikabideak "egoera ekonomiko zaila" duela ohartarazi du. Azaldu du nola Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak, komunikabidea dinamizatzen duen irabazi asmorik gabeko ekimenak, sostengatu behar izan dituela komunikabidearen galera ekonomikoak, bazkideen kuota desinteresatuekin, zerbitzuetatik lortutako etekinekin eta ekarpen boluntarioen bidez, besteak beste. Ia milioi erdi euroko ekarpenak egin dizkio kooperatibak komunikabideari azken bost urteetan.
Aiaraldeak udalari leporatu dio "egoera ekonomiko zail honen testuinguruan", Amurrioko Udalak proiektuari egiten zion ekarpen "eskasa" etetea erabaki izana, eta proiektuaren bideragarritasuna are gehiago kolokan jartzen duela ohartarazi dute. Amurrioko Udalaz gain, Laudio, Urduña, Aiara, Okondo, Artziniega, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko Udalek, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak babestu, sustatu eta finantzatzen dute Aiaraldea Komunikabidea.