Aiarako legez kanpoko abere hiltegiaren auzia hasi eta bukatu egin da egun berean. Izan ere, akusatutako 13 lagunetako 7 akats judizial batengatik absolbitu dituzte, eta akordio batera iritsi dira gainerakoen zigorrak murrizteko eta inor espetxeratua ez izateko.
Arabako Auzitegiak azaldu du legeak ematen duen sei hilabeteko epetik kanpo hartu zitzaiela deklarazioa auzipetuetako zazpiri, eta ondorioz, gerora hartutako erabakiak "bertan behera" geratzen direla. Hala, arrazoia eman dio defentsari eta akusatuetako zazpi absolbitu egin ditu.
Bestalde, akusazioaren eta defentsaren akordioari esker, biri sei hilabeteko espetxe zigorra jarri dizkiete, animaliei tratu txarrak emateagatik, eta beste sei hilabeteko zigorra osasun publikoaren aurkako delituagatik. Era berean, 540na euroko isuna eta animaliak edukitzeko edo horiekin lotutako jarduerak izateko gaitasungabetzea ezarri die. Gainerako lauei hiru hilabeteko kartzela zigorrak ezarri dizkie osasun publikoaren aurkako delituagatik, eta 360na euroko isunak. Bederatzi hilabetez ezingo dute animaliarik eduki edo horiekin lan egin.