Besteak beste, animalien aurkako tratu txarrak eta osasun publikoaren aurkako delituengatik epaituko ditu Arabako Auzitegiak 2018an itxi zuten Aiarako legez kanpoko hiltegiaren arduradunak. Ostegunera arte, Ertzaintzak atxilotutako zazpi lagun eseriko dira akusatuen aulkian. Hiltegiaren bi ustezko arduradun nagusientzat hamaika urtera arteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak, talde kriminaleko kide izatea, agiri ofizialak faltsutzea, animaliei tratu txarrak ematea eta osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta.
Fiskalaren arabera, hiltegiaren arduradunek, bi anaiek, ganaduaren legez kanpoko salerosketak egiten zituzten, eta ondoren, kontrolik pasatu gabe banatzen zuten haragia gizakien kontsumorako. Hiltegian halal erritu musulmanaren arabera hiltzen zituzten animaliak, "aurrez zorabiatu gabe lepoa moztuz, odolusten ziren arte". Gainera, animaliak hiltzeko egokia ez zen leku batean lan egiten zuten, inolako formaziorik gabe eta animaliak tratatzeko gaitasunik gabe. Horrek animaliei "min handia, beldurra eta ezinegona" eragiten ziela azpimarratu du Fiskaltzak.
Astero bi behi eta 25 bat ardi hiltzen zituztela uste du fiskalak, eta guztia osasun kontrolik eta baimenik gabe. Ganadua Bizkaian eta Kantabrian lortzen omen zuten. Segurtasun sailak bere garaian azaldu zuenez, legezko merkatuan tokirik ez zuten animaliak ziren eskuratzen zituztenak: "Merkatu beltzean probetxua ateratzen saiatzen ziren".
Ertzaintzaren ikerketaren arabera, haragia saltzeaz eta banatzeaz arduratzen ziren langileak zituzten, eta batik bat Bilboko eta Gasteizko etxebizitza partikularretara eramaten zuten. Taberna eta elikagai denda batzuk ere jasotzen zuten hiltegi horretako haragia. Gainera, hozkailurik gabeko eta osasun neurrik gabeko ibilgailuetan garraiatzen zuten, eta hondakinak Peña Angulo (Burgos) inguruan botatzen zituzten.
Ertzaintzak 32 eta 59 urte arteko zazpi pertsona atxilotu zituen 2018ko irailean. Lau pertsona atxilotu zituen baserrian: jabeak eta bi beste bi gizon. Horrez gain, Gasteizen ere beste gizon bat atxilotu zuten, legez kanpoko ekoizpena banatzea egotzita. Karrantzan ere beste bi gizon atxilotu zituzten, legez kanpo hiltzeko ganadua hornitzeagatik.