Laudio, Urduña, Artziniega, Orozko, Aiara eta Arrankudiaga-Zolloko udalek jaietan euskara bultzatzeko neurri sorta bateratua aurkeztu dute gaur. Udalerri horietako alkate, zinegotzi eta euskara teknikariek parte hartu dute Arespalditzan egin duten Gora Aiaraldeko jai euskaldunak! izeneko dinamikaren aurkezpenean.
Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak ezagutzera eman duenez, udal horiek ingurune soziologikoa partekatzen dute, eta jaietan nabarki ikusten da hori, "jendartea herriz-herri mugitzen baita".
Besteak beste, euskara sustatzeko euskarriak sortu eta banatuko dituzte jaiei lotutako ingurunetan, eta ostalariei euskara sustatzeko gomendioak igorriko dizkiete.
Txosnetan musikaren %65 euskaraz izango da gutxienez. Txanda bakoitzeko, gutxienez tabernari euskaldun bat egongo da. Gazteentzako megafonia mezuak euskara hutsez izango dira, edo elebidunez helduak baldin badaude. Jaietako ekitaldietarako hizlari elebidunak eskatu edo eta eskainiko dituzte udalek. Bide beretik, egitaraua azaltzeko euskarrietan euskararen semaforoaz baliatuko dira ekitaldiak sailkatzeko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Urduñan azken urteotan garatu duten esperientzian abiatu dira neurriak proposatzeko.
Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak ekimena txalotu du, eta hasiera "edertzat" jo du. Elkartearen hitzetan, elkarlanean abiatutako ekimen "ausarta" da, "konplexurik gabekoa" eta "ikuspuntu integraletik" landutakoa. Hori dela eta, jai eragile eta antolatzaile guztiei dei egiten diete ekimena bere egin dezaten.