Otsaileko lehen asteburuan Laudiok abarkak jantziko ditu eta nekazal munduan murgilduko da berriro San Blas ospakizunarekin. Kukutze San Blas Feriak, Udalarekin elkarlanean, antolatutako ekitaldiak ostegunean, otsailak 1, hasiko dira, Terentzio XIV.a txerriaren aurkezpenarekin Aldai Plazan. Azoka larunbatean izango da, Aldai plazan, eta nekazaritza eta artisautza produktuak erakusgai izango dituzten 75 postu hartuko ditu 10:00etatik aurrera.
Azokaz gain, hurritz makilen lehiaketa, txarripata gastronomia lehiaketa -sariak 14:00etan banatuko dira-, herri kirolak, odolostegintza, musika giroa eta, jakina, Terencio txerriaren erreketa eta garbiketa klasikoa izango dira. Halaber, Untzueta taldeak dantzak eskainiko ditu eta Arloteek herriko kaleak alaituko dituzte goiz osoan zehar.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.