Herritarren, langileen eta sindikatuen haserrea piztu du joan den ostiralean, urtarrilaren 12an, Laudioko osasun zentroan gertatutakoak. Gasteizko Jundiz industrialdean bi hildako eta zauritu larri bat eragin zituen trafiko istripuaren gau berean, 42 urteko pertsona bat Laudioko Etengabeko Arreta Gunera (EAG) joan zen bihotzekoak jota.
Zoritxarrez, ez zegoen mediku fakultatiborik —"ohikoa denez", ESK sindikatuaren arabera—, eta bertan zeuden bi erizainek ahaleginak egin arren, pazientea hil egin zen. Ertzaintzak egiaztatu zuen heriotza, 22:30ak aldera.
ESK sindikatuak "babes osoa" adierazi die hildakoaren senideei, eta Osakidetzako Emergentziak erakundearen kudeatzaileei eta Gotzone Sagarduik zuzendutako Osasun Sailari egotzi die egoera hori eragin izana. "Larrialdiko zerbitzuak pertsonal medikoarekin ez artatzeak arriskuan jartzen du herritarren bizitza", ohartarazi du sindikatuak.
ESKk salatu du Arabako Zentro Koordinatzailean "mediku falta" dagoela eta haien figura "ezinbestekoa" dela larrialdiei erantzuteko eta baliabideak koordinatzeko: "Zoritxarrez, ostiralean ez zegoen figura hori", kritikatu du zentral sindikalak, Osasun sailburuari zein Emergentzietako kudeaketa taldeari "zerbitzua hobetzeko eta indartzeko borondaterik ez" izatea leporatuz.
"Ezinbestekoa da EAJk aurrera eramaten dituen politikak errotik aldatzea, murrizketak, pribatizazioak eta prekarietatea baino ez baitituzte ekarri Osakidetzako plantilletara", salatu du ESKk.
Elkarretaratzea
ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek eta Osasun Publikoa Aurrera plataformak gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute astearte honetan, 11:30ean, Laudioko anbulatorioaren aurrean, Osakidetzan prekarietateak hiltzen du lelopean. Besteak beste, mediku zein baliabide falta kritikatu dute sindikatuek.
Aiaraldea Hedabidean jasotako adierazpenetan, sindikatuek aldarrikatu dute egoerak "inflexio-puntu bat" izan behar duela, "lehen mailako arretako zentroen kudeaketa erabat gardena eta informatua izan dadin, herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duten tresnekin, eta, gainera, hurbileko arreta duina eta %100 publikoa bermatuko dituena".
Hildakoa JEZ enpresako langilea eta ELA sindikatuko afiliatua zen. Astelehenean minutuko isilunea egin zuten lantegian, bere heriotza salatzeko. Horrez gain, fabrikako langile guztiek hiletara eta gaurko mobilizaziora joateko baimena izan dute, gero ordu horiek berreskuratu beharko badituzte ere.