Euskararen normalizazioaren aurkako beste neurri bat, oraingoan Amurrioko Udalean. Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak salatu duenez, uztailaren 27ko osoko bilkuran, toki erakundeak erabaki zuen Udal Lanpostuen Zerrendatik (RPT) euskararen normalkuntzarako teknikariaren lanpostua ezabatzea.
Aiaraldean 44 entitate biltzen dituen, eskualdeko bederatzi udalekin elkarlan hitzarmenak dituen eta euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematea xede duen elkarteak "oso larritzat" jo du Amurrioko Udalaren erabakia. Hori dela eta, hainbat ekimen eramango dituzte aurrera. Oraingoz, kexa bana erregistratu dituzte Hizkuntza Eskubdeen Behatokian eta Elebiden, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak babesteko Zerbitzuan.
Premiazko bilera eskaera erregistratu dute jada Amurrioko Udalean, alkatearekin eta euskara zinegotziarekin biltzeko. Horrez gain, Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluarekin harremanetan jarri dira, eta laster gertatutakoa salatzeko ekimen gehiagoren berri emango dute.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ostean osatu da Amurrioko udal gobernu berria. EAJ eta PSEren arteko koalizio gobernuaren buru Txerra Molinuevo alkate jeltzalea da.
"Euskararen aurkako erasoa"
Gaur egun, berez, euskara teknikaririk ez dago Amurrioko Udalean; arlo soziokulturaleko teknikari batek bere lanorduen %60 darabil euskara arlorako. Eusko Jaurlaritzak lau langileko euskara saila izatea aholkatzen du Amurrio bezalako 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, are gehiago Amurriok duen euskalduntze maila kontuan hartuta.
"Egun, Amurrion euskararen normalkuntzara eskaintzen diren giza baliabideak ez dira nahikoak, udalaren Euskara Planak ez dira ezta urrundik ere betetzen", ohartarazi du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak. "2021ean, adibidez, Euskara Plan berria idazteko langile bat kontratu behar izan zuten sei hilabeterako, baina langile horrek ez du jarraipenik izan. Egoera hobetu beharrean, okertu egin da udalak hartutako erabakiarekin".
Aiaraldeko euskalgintza mugimenduaren aspaldiko eskaera da Amurrion euskara teknikaria izatea, "beharra nabarmena baita".
"Amurrioko Udalak emandako pausoa, baina, atzerapausoa baino zerbait larriagoa dela uste dugu. Udal batek, alde bakarrez, ez epaile batek behartuta, euskararen normalkuntzarako teknikari lanpostua ezabatzea, euskararen beraren eta euskararen normalkuntzaren aurkako eraso bat dela deritzogu. Udalaren erabakiak ez du aurrekaririk, eta, gure aburuz, bide arriskutsu bat irekitzen du".