Ez dago, ez, jaiotza berdinik munduan

Juanma Gallego 2023ko abe. 25a, 06:00

Santxotena museoan erakusteko, aurten 2023 jaiotza atera dituzte biltegitik. Argazkia: SANTXOTENA

Artziniegako Santxotena Tailer Museoan munduko jaiotzeei eskainitako erakusketa zabala ireki dute. Gatz Haraneko emakume gazkinei omenaldi berezia egin nahi izan diete edizio honetan.

Eman dezake nahita egina dagoela, baina kasusualitate hutsa izan dela dio Teresa Lafragua Artziniegako Santxotena tailer museoaren zuzendariak: 2023. urtean zabaldu duten nazioarteko jaiotzen erakusketaren XXV. edizioan 2023 jaiotza atera dituzte biltegitik.

Duela mende laurden abiatu zuten abentura hau Xabier Santxotenaren herrian, Bozaten (Arizkun, Nafarroa), jaiotzei buruzko kultura aldarrikatzeko. "Tamalez, orain pinuetara pasa gara. Baina jaiotzena ez da erlijio kontu soila, kultura baizik", nabarmendu du.

"JAIOTZAK EGIN DIREN JATORRIZKO KULTURAK EZAGUTU NAHI DITUGU ERAKUSKETAREKIN". TERESA LAFRAGUA

Kultura ondare horren erakusle, jaiotzaren bitartez antropologia lantzen dutela azaldu du Lafraguak. "Gure museoan baino erakusten ez diren ehunka jaiotza guztiz bereziak ditugu erakusketan".

Gauzak jasotzeko 24 orduko garai prime honetan, zenbait jaiotza lortzeko ahaleginean urteak eman ditzakete. "Adibidez, Talavera de la Reinan [Toledo] eskatutako jaiotza bat lortzeko sei urte behar izan ditugu. Kontua ez da, inondik inora, artisauak alferrontziak direnik, jaiotzak egiten ez dituztenei jaiotzak eskatzen dizkietela baizik. "Azoketara joaten garenean, burdingile bat ikusten baldin badut, eskatzen diot jaiotza bat egiteko. Askok arraro begiratzen gaituzte, eurek txongilak eta platerak saltzen dituztelako. Bada, ni ahalegintzen naiz azaltzen txongiletik abiatuta emakumezko eta gizonezko elementuak atera daitezkeela", gogora ekarri du Lafraguak. "Izan ere, jaiotza horren bitartez ezagutu nahi dugu beren berezko kultura. Talaveraren adibidean, bertako tradizio zeramikoa ezagutu nahi dugu".

Mundu osoko kulturak

Buztina izan daiteke, bai, baina baita bestelako material asko ere: egurra, ehuna, beira... Apurka-apurka, bide horretatik, mundu osoko jaiotzak bildu dituzte. "Beraz, hegazkin batean sartu gabe bidaiatzeko modua da erakusketa hau".

Emakume gazkinak, jaiotzan. Argazkia: SANTXOTENA

Zuzendariak nabarmendu duenez, museoa berezia da ere gobernuz kanpoko erakundeekin eta bestelako elkarteekin kolaborazioak egiten dituztelako. "Beti jaiotzak erosten dizkiegu, eta gaitasun urriko pertsonekin ere beti kolaboratzen dugu. Izugarri ederrak izan ohi dira hauek egiten dituzten jaiotzak".

Filosofia solidario horrekin jarraituta, edizioz edizio omenaldi bereziak prestatzen dituzte. "ONCE erakundeari eskaini diogu bat, adibidez". Hau aipatuta, jaiotzekin ere ikasi daitekeela argi erakutsi du Lafraguak. "Gure jaiotza batean makila zuri-gorria duen haur bat ikusten da. Bada, kaletik halako bat daraman lagunik ikusiz gero, ikasi dezakegu pertsona hori itsua izateaz gain gorra ere badela".

Aurten Gatz Haraneko emakume gazkinei omenaldia egin diete, Artziniegako Udalaren eta diputazioaren laguntzarekin. "Ilusio asko izan nuen, alkateak esan zigulako egiten zitzaien aurreneko omenaldia zela. Salamancan eskatu nuen jaiotza hori, Vicen Hernandezi eskatuta". Enkargua egiteko, Lafraguak denbora asko eman zuen, dokumentatzen, eta Asun izeneko andre batekin egon zen ere. "Emakume ausart eta indartsuak ziren: gaztetatik anega erdia eramaten zuten gainean, 22 bat kilo".  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago