Euskara arloan jardungo duen langile bat izango du Amurrioko Udalak

Erredakzioa 2023ko abu. 1a, 11:02

Soilik euskararen arloko funtzioak izango ditu langile horrek. Argazkia: Aiaraldea Ataria

Euskara teknikariaren aferaren inguruan hurrengo egunetan aurrera eraman behar zituen ekimenak bertan behera utzi ditu behin-behinean Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak jakinarazi duenez, atzo elkartearen ordezkaritza bat Amurrioko alkate Txerra Molinuevo eta euskara zinegotzi Arantzazu Saratxaga de Islarekin bildu ziren, aurreko astean udal gobernuak lanpostu zerrendan euskara teknikari lanpostua kentzeko hartutako erabakiaz mintzatzeko. Egoeraren inguruko "desadostasun nabarmenak" onartu zituzten arren, alkateak "hainbat konpromiso" hartu zituela nabarmendu dute.

Kontseiluko ordezkaritzak Amurrioko Udalak euskara alorrean %100ean aritzen den langilerik ez duela azpimarratu zuen bileran, eta, eskaera horretatik abiatuta, Amurrioko alkateak jakinarazi zuen "hilabeteko epean euskara arloan %100 jardungo duen jardunaldi osoko langile bat" izango duela, "langile horren kontratuan soilik euskara arloko funtzioak agertuko direlarik". Kontseiluak ontzat ematen du udal gobernuak hartutako konpromisoa, "hitz eman bezala betez gero", eta euskara teknikariaren aferaren inguruan hurrengo egunetan aurrera eraman behar zituen ekimenak bertan behera uztea erabaki du.

Erabaki honek, halare, elkartearen aldarrikapenak desaktibatzen ez dituela gogorarazi dute Kontseilutik. "Haatik, elkartearen genetikan dago aurrera-pausuak lortzea eta elkarlana sustatzea gure eskualdean euskararen normalkuntzan aurrera egiteko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago