Oraindik lau hilabete eta erdi falta dira Laudioko Sanrokeetarako, baina Udalak eta jai eragileek dagoeneko iragarri dute programazioaren zati zabal bat. Bi astetan banatutako zortzi egunez, adin guztietarako jarduera ugari bilduko dituen egitarauarekin, "herria umorez, alaitasunez eta jai giro osasuntsuaz" bete nahi dute.
Musika eskaintzak duen garrantziaz jabetuta, "gustu eta jende guztiarentzako doako musika jardueren kartel zabala" diseinatu nahi izan dute. Gainera, herriko hiru agertokitan izango da "atzoko eta gaurko musika": Herriko Plazan, Alberto Aceron eta Hiru Gurutze aparkalekuan.
- Abuztuak 15, asteartea: El Consorcio eta King Afrika
- Abuztuak 16, asteazkena: Gatibu
- Abuztuak 17, osteguna: En Tol Sarmiento (ETS) eta Los 5 bilbaínos
- Abuztuak 23, asteazkena: Mojinos Escozíos eta Golden Apple Quartet
- Abuztuak 24, osteguna: Mariachis Los Tenampas eta Ptazeta
- Abuztuak 25, ostirala: Sorotan Bele (San Roque musika taldearekin) eta Rosario Flores
- Abuztuak 26, larunbata: La Mision Orkestra eta Hika Dantza Taldea
- Abuztuak 27, igandea: Puro Relajo
"Aurtengo programazioak herriaren gozamena bermatzea besterik ez dugu espero; arrakasta handiarekin, iaz bezala", adierazi du Maite Cortazar Kultura eta Jaietako zinegotziak. "Bisitariak liluratu nahi ditugu inklusiboak, irisgarriak, berdintasunezkoak, parte-hartzaileak eta, batez ere, errespetuzkoak eta toleranteak direlako nabarmentzen diren gure jaiez gozatzera hurbil daitezen", gaineratu du Ander Añibarro alkateak.
Bestelako jarduerak
Bestalde, zortzi jai egunetan, txikiek eta nagusiek haur parkeez, fandango eta arin-arin lehiaketa klasikoez, musikaz eta kale antzerkiaz gozatu ahal izango dute, baita Don Terencio eta Doña Tomasa erraldoiekin dantzatu ere; eta buruhandiak jai guztietan arituko dira, baita bigantxak ere.
Jarduera herrikoiei dagokienez, abuztuaren 25ean Baserritarraren Eguna ospatuko da, eta hurrengo egunean odolki ospetsuek beren usaina zabalduko dute Laudioko kaleetan zehar. Herri kirolak, askotariko lehiaketa gastronomikoak eta txapelketa tradizionalak ere ez dira faltako.
Kuadrilla berriak
Laudioko kuadrillek euren ohiko jai ekitaldiekin jarraituko dute, hala nola kalejira klasikoekin edo abuztuaren 24an, ostegunean, egingo duten bazkari klasikoarekin. Gainera, aurten beste zazpi kuadrilla berri batu zaizkie orain arte zeudenei. "Zenbait berrikuntza" etorriko dira horien eskutik, baita "sorpresa txiki bat" ere. Eta herriko taldeak, beren aldetik, Sanrokeetako protagonista izango dira, berriz ere.
Roketxuren erretzea
Aurten ere, Roketxu ekitaldietan izango da berriro. Azken urteetako ohiturari jarraituz, su artean amaiera emango die Laudioko jaietako zortzi egunei; hori bai, 2024ko abuztuan berriro berpizteko promesarekin. Gainera, aurten, Laudioko Udalak Roketxuren molde bat egin du, urtez urte haren esentziari eusteko.
Kartel lehiaketa
Programazioaren zati handi bat jada iragarri duten arren, datozen asteetan Laudioko Udalak herriko jaietarako kartel lehiaketa jarriko du martxan. Oinarriak Udalaren webgunean argitaratuko dituzte laster, eta ohiko kanalen bidez zabalduko dute informazioa.