Astelehen honetan, Amurrioko udaletxearen aurreko Juan Urrutia plazan egindako agerraldi batean, EH Bilduk salatu du EAJk eta PSEk Tokiko Gobernu Batzordetik kanporatu dutela. "Hauteskundeetan gero eta emaitza hobeak lortzen ari den arerio politiko baten kontra nagusitasunetik eta errebantxa animotik soilik uler daiteken ezohikoa neurri bat" dela kritikatu du udal talde subiranistaren zinegotzi eta bozeramaile Mariano Alava.
Erabakiak hurrengo "legegintzaldi osoa guztiz markatuko" duela ohartarazi du EH Bilduk, eta "oso larritzat" jo du jasotako betoa. Zentzu horretan, gogorarazi du maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan 1.847 boto jaso eta zazpi zinegotzi lortu zituela udalerrian; hau da, udal ordezkaritzaren %41 baino gehiago.
EAJk zortzi zinegotzi ditu, eta PSEk beste bi. Tokiko Gobernu Batzordea lau zinegotzi jeltzalek eta bi sozialistak osatuko dute. Horrez gain, EH Bilduk kritikatu du gobernu taldeko zinegotziek hileko dietengatik jasoko duten diru kopurua igo dutela, 1.100 eurotik 1.500 eurora. "Konkretuki puntu honetan uste dugu dagoela EAJ eta PSEren arteko gobernagarritasunerako eta egonkortasunerako itunaren benetako gakoa: euren ordezkariek, inolako dedikaziorik gabe, 1.500euroko gutxieneko ordainsaria jaso dezatela", salatu du Mariano Alavak.