Kexaako monumentu historikoan jarri du arreta Arabako Foru Aldundiak. Berriki erosi du eraikina, eta aurreratu dutenez, Aiaraldeko turismoaren motor nagusietako bat izango da. Kexaako Monumentu Multzoa Donostiako Santo Domingo Monasterioko Ama Domingotarren Kongregazioarena zen, eta 2.694.000 euroren truke erosi zuen diputazioak, iaz.
Aiaraldean turismoa sustatzeko, aste honetan aurkeztu duten ekintza planaren barruan, Kexaako Monumentu Multzoari bisiten eta jarduera osagarrien eskaintza ematea jasota dago, gune hori tokiko historiari lotutako baliabide turistiko gisa garatu eta sendotzeko. 330.000 euroko inbertsioa egingo dute horretarako.
Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskualdeko eragile kultural eta turistikoen eta udal ordezkarien aurrean aurkeztu dituzte Aiaraldean turismoa sustatzeko ekintza plan integral berriaren nondik norakoak. Aiaraldeko eskaintza turistikoa bateratu eta bisitariak erakartzeko jarduerak jaso dituzte planean, hainbat eragile eta sektoreren arteko harreman eta lankidetza ardatz. Aurkeztutako plan estrategikoa zortzi ekintza berezitutan banatu dute, eta orotara, milioi bat euroko inbertsioa ekarriko dute ekintzek. Besteak beste, txakolinaren ibilbidea martxan jarriko dute, artisautzako ibilbide gastronomikoa, museoen sarea, eta dorretxeen ibilbidea. Horretaz gainera, eskualdea bereiziko duen eta bisitariek ezagutu ahal izango duten marka turistiko propioa abian jartzea erabaki dute.
Egitasmoa iragan urtean onartutako Aiaraldea Eskualderako berehalako jarduera planaren barruan kokatuta dago.