Autobusean egindako bidaia luze baten ostean, Aldeaquemada izeneko herri batetik etorri berria da Ander Añibarro (Barakaldo, 1989) Laudioko alkatea ALEArekin mintzatu denean, bi herrien artean sinatutako senidetze ekitaldi batetik. 2019an hartu zuen aginte makila, EAJren eskutik, eta Arabako alkate gazteena izan da hainbat urtez. "Orain ez, [Raul Garcia Ezkerro] Guardiako alkate berriak postu hori kendu didalako", dio txantxetan.
Aldeaquemada, diozu. Zer dela-eta senidetze hori?
Jaengo herri bat da Aldeaquemada. Birpopulaketa herria da, eta Karlos III.aren garaian batez ere alemanak eta flandestarrak joan ziren bizitzera. Jatorri horretako abizenak kontserbatzen dira. Gure jaietan ospatu genuen ekitaldi bat, eta, orain, beraien jaietara egin dugu bueltakoa. Bi arrazoi daude senidetzerako. Batetik, Laudioko Zentro andaluziarrak 50 urte bete zituen 2020an, pandemia betean, eta orain ospatu nahi izan dugu. Bestetik, Laudion ere baditugu aipatutako abizen horiek, 1950eko eta 1960ko hamarkadan bertako herritar asko hona etorri zirelako, industrian lan egitera. Pentsa, gaur egun Aldeaquemadan 500 bat biztanle izango dira, baina Laudion, bigarren eta hirugarren belaunaldietakoak aintzat hartuta, 600 bat izango dira. Bada, azken finean, migratu zuen jende horri guztiari nolabaiteko aitortza ere bada senidetze hau.
Orain itxita dagoen hiltegiak zeresan asko eman du azken urteotan. Noizbait eskualdean beste hiltegiren bat egongo al da?
Hiltegi zaharrak arazo asko izan ditu. 1950eko azpiegitura bat zen, eta ez zegoen gaurkotuta. Gainera, berez udalerriari zerbitzua emateko martxan jarri zen. Baina 3.000 inguru abere hiltzeko erabiltzen ari zen, horietatik soilik 40 bat Laudiokoak zirenean. Soilik ibaira botatako hondakinak tratatzeko milioi bat euroko inbertsioa egin beharra zegoen, eta gainerako egokitzapenak egiteko, beste horrenbeste. Gainera, bi prozesu judizial izan dira horren haritik, eta, ni neu, alkatetzara iritsi berritan, epaitegiko ikerketapean jarri ninduten. Epaileari azaldu nionez, guztiz bitxia zen soilik ardura bat hartu izanagatik aurretik zegoen erantzukizun bat leporatzea. Orain, mahai gainean bi proiektu pribatu daude, baina, momentuz, ideiak baino ez dira. Ez daude zehaztuta, eta, horregatik, ezin dugu gehiagorik esan horren inguruan. Garatu behar dira, eta ea ekonomikoki bideragarriak diren ikusi. Gaurko egoeran, baina, zaila da, gauzak asko garestitzen ari direlako. Guk geuk ikusi dugu hori Antzokia egiteko dugun proiektuan.
"Aurrekontu parte hartzaileen prozesua findu dugu pixkanaka. Eta ez, ez dira moda huts bat"
Zertan datza proiektu hori?
Legegintzaldi honen izarra dela esango nuke. Lehen lizitazioa hutsik geratu zen, eta bigarren honetan enpresa batek aurkeztu du eskaintza. Ia %20 garestitu da: bost milioi eurotik sei bat milioira. Gauza guztiak izugarri garestitu dira. Baina atera behar dugu. Laudiok 20 urte inguru darama gaiarekin; ez da normala beste udalerri txikiagoetan antzokiak egotea eta gurean ez. Lizitazioaren azalak irekitzear gaude, eta espero dugu baldintza-agirietan zehaztutako guztia betetzea. Dena ondo bidean, lanak ahalik eta lasterren hastea nahiko genuke. Ondoren, bi urtez edo luzatuko dira obrak.
Nerbioi ibaiaren ibilgua egokitzeko ere lanak hasi dira, ezta?
Ibaiaren inguruan beharrezkoak ziren hainbat lan desblokeatu dira legegintzaldian. Batetik, Altzarrate zubia berritu da, uholdeen ostean konpondu gabe geratzen zen azken zubia, hain justu. URA agentziaren konpetentzia zen. Bestetik, San Juan errekan ere lanak egiten ari dira. Hau ere URAren ardurapean dago, eta puntu beltza zen udalerrian. Lan honekin, sortzen zen botila-lepoa askatu nahi dugu, eta, ondorioz, ur emaria askoz arinagoa izango da. Hirugarren lana da, hain justu, aipatu didazuna. Uholdeak prebenitzeko, URAk Nerbioi ibilguaren sakontasuna handituko du, baina lanak ez dira oraindik hasi. Lan horiek burutu bitartean eragozpenak izango dira, noski, baina beharrezkoak dira uholdeei aurre egiteko.
Aurrekontu parte hartzaileen bidez 333.000 euro erabakiko dira. Pozik zaude prozesuarekin? Hau ez al da moda bat?
Gu izan gara horiek jarraian ahalbidetu dituen lehen gobernu taldea. 200.000 euroko partida batekin hasi ginen, eta urtez urte handitu dugu. Parte hartze prozesua findu dugu pixkanaka, baina egia da ere zenbaitetan zaila dela. Lan asko eskatzen du. Baina, ez, ez da moda bat, argi daukagun zerbait baizik. Horren adibide da parte hartzeko ordenantza martxan jarri dugula. Behin proposamen horiek aurkeztuta, teknikariek beren bideragarritasuna aztertu behar dute, noski, eta, ondoren, bozkatu egin behar udalbatzean.
Gatozen fiskalitatearen mundu zoragarrira. Aurten zergak izoztu dituzte, zaborrarena ez ezik. Zergatik?
Gaur egungo egoerari erantzuteko egin da izozte hori. Baina argi esan behar dugu hau ez zela gure lehen aukera. Urte luzez izoztuta egon ziren zergak, eta guk pixkanaka igo behar izan ditugu, udalerriaren gastuek ere gora egin dutelako, eta egoera hori ez da jasangarria. Ez dago besterik: zerbitzu egokiak mantendu nahi baditugu, ezinbestean zergak igo behar dira. Lehen mailako herri bat nahi badugu, lehen mailako herri gisa ordaindu beharko dugu. Kaleak garbi nahi baditugu, zaindutako lorategiak, argiztapen egokia... horrek guztiak gastuak dakartza. Zaborrari dagokionez, Europako araudi batek ezartzen du 2025. urterako zerbitzu hori osorik oinarritu behar dela tasetan. Bada, 2019an iritsi ginenean, etxebizitza bakoitzeko batez besteko gastua 85 eurokoa zen, baina 50 euroko zerga batean oinarritzen zen. Hortaz, horiek igotzea beste erremediorik ez dugu izan, urteko %5.
Enpresa handiei zergak igoko dizkiezuela iragarri duzue...
Bai. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokionez, orain arte enpresei jasanarazi ahal genizkien hiru kontzeptuetatik bi baino ez genizkien jasanarazten, eta gaurko arauditik baino kopuru txikiagoan, gainera. Bada, hori berrikusi dugu orain, hiritarrei zergak ordaintzeko eskatzen zaien modu berean, enpresei ere eskatu behar zaielako. Hortaz, politika fiskala egokitu dugu, beste udalerrietan egiten duten eredura hurbilduta. Milioi bat baino gutxiago fakturatzen duten negozio txikiak salbuetsita daude, eta milioi bat eta bi milioi artean daudenek ere hainbat onura dituzte. Oro har, zegokiena baino gutxiago ordaindu dute orain arte enpresa handiek, eta hori zuzendu besterik ez dugu egin.
"Zegokiena baino gutxiago kobratu zaie orain arte enpresa handiei, eta hori zuzendu dugu".
Aiaraldea eskualderako berehalako jarduera-plana aurkeztu zen martxoan. Zeintzuk dira egingo diren apustu nagusienak?
Ahalegin berezia egin dugu beiraren inguruko Laudio Glass Hub-a diseinatzeko. Udalak berak aurkeztutako proiektua izan da. Material horren bueltan, ohikoa ez den enpresa kontzentrazio bat daukagu udalerrian. Gai konplikatua da lantzeko, enpresa bakoitzak beiraren arlo oso desberdina lantzen duelako, baina horretan ahalegintzen ari gara orain, Industria Sailarekin batera. Bestetik, Antzokiak milioi eta erdi euroko finantzazioa izango du ere. Berez, gustatuko litzaiguke plan hau egin behar ez izatea, horrek adieraziko zuelako eskualdeak ez zuela aparteko laguntzarik behar. Baina, gauzak hala izanik ere, aitortu beharra dago oso ondo datorkigula laguntza hori. Bide beretik, nik ez dut gustuko esatea eskualde behartsua dela Aiaraldea, horrelako terminologiak ez duelako laguntzen inbertsioak erakartzen. Horregatik lehenetsi dugu berehalako jarduera kontzeptua.
EH Bilduk kritikatu du terraza eta halakoen inguruan onartu berri den araudia zorrotzegia dela. Zer diozue?
Espazio publikoa arautzen duen ordenantza beharrezkoa da, eta adostasun handia egon da, gainera. Are, harrituta geratu gara hori esan dutenean, EH Bilduk buru-belarri lan egin duelako ordenantza honetan, eta orain arte ez du ezer esan zigor araudiari buruz. Ia ziurtzat eman genuen beraiekin adostasunean onartuko genuela. Beste udalerrietan dauden araudien antzekoa da; berez, ordenantza bat egiterakoan, beti abiatzen zara beste udalerrietan egiten dituzten araudietatik, horiek zure udalerrira egokituta. Isunei dagokienez, araudi guztiek isun erregimen bat izan behar dute ezinbestean. Baina gure asmoa ez da izan, inolaz ere, isun erregimen batean zentratzea, arautzea baizik. Gainera, ostalaritzarekin prozesu parte hartzaileak eta bilerak egin ditugu, eta euren ekarpenak ere jaso ditugu.
Otsailean epai sonatua egon zen udal langile baten hizkuntz eskakizunaz…
Bai. Jakina denez, errekurtsoa jarri genuen. Niretzat honek ez du inolako zentzurik. Gustuko izan ala ez, euskara hizkuntza koofiziala da, eta guk zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu. Kito. Euskara ikasteko erraztasun asko eskaintzen dira administrazioan. Epaileari ez dagokio argudiatzea hizkuntza bat zaila ote den. Izaskun Bilbao Europako Parlamentuko EAJko diputatuak gaiari buruz galdetu zion Europako Batzordeari, eta argi geratu zen ez dagoela ez araudirik ez doktrina juridikorik ustezko zailtasunaren kontua argudiatzeko. Espainiako konstituzioa horrenbeste babesten dutenei gogoratu behar zaie bertan adierazten dela euskara ere Espainiako hizkuntza dela, eta Gernikako Estatutuak hizkuntz koofizialtzat jotzen duela.
"Euskara hizkuntza koofiziala da, eta gu zerbitzu publiko bat ematen ari gara. Kito".
Espainiako Gerra Zibilari buruzko antzezpena egin berri duzue. Nola joan da kontua?
Izugarri ondo, kontatu didatenez. Tamalez, ez naiz egon, Aldeaquemadako ekitaldian nengoelako. Udalerrian ez genuen aparteko batailarik izan, baina Bilboko Burdin Hesiaren zati bat dago inguruan. Antzezpenak bi helburu izan ditu: batetik, turismoa erakartzea. Bestetik –eta garrantzitsuena–, balioa ematea gerra horren bueltan gertatu zenari. Aztertu beharko dugu datorren urtean ere errepikatzeko aukerak ote dauden.
Oso gazte sartu zinen alkate. Nola joan zaizu karguan? Errepikatzeko asmorik bai?
Maila pertsonalean alkatetza batek asko eskatzen dizu, eta oso gogorra da. Niretzat pribilegio handia da, eta pozik nago, baina erabakia EAJko militantziaren esku egongo da. Aurreko erantzukizunetan ibilitakoa naiz, zinegotzi gisa, Aiaraldeko Kuadrillako presidente gisa eta Gazteria Sailean. Baina herriko alkatea izatea da gehien eskertu dudana, zure lanak eragin zuzena duelako zure herrian.