Laudioko Txosnaguneak egitarau zabala eskainiko du abuztuaren 15etik 27ra

Erredakzioa 2022ko abu. 2a, 08:00
Bazkaria Laudioko txosnagunean, aurreko jai batzuetan. / Argazkia: AIARALDEA.eus

Laudioko Txosna Batzordearen egitarauak askotariko jarduerak eskainiko ditu abuztuaren 15etik 17ra eta 24tik 27ra, Aldai Plazan. Besteak beste, Akerbeltz, Gora Etorri eta Duplaren kontzertuak izango dira, eta SOS Aiaraldea plataformari emango diote Urrezko Katxia.

Abuztuaren 15etik 28ra, Laudioko Sanrokeetan, Terentzio eta Tomasa erraldoiek irakurriko dute pregoia, txupina Javi Artetak botako du, eta Doctor Deseo, Chica Sobresalto, Despistaos, Zea Mays, La Pegatina, La Oreja de Van Gogh, Mocedades eta Amak arituko dira, besteak beste.

Baina programa ofizialeko ekitaldi eta kontzertuez gain, jai herrikoien aldeko egitaraua aurkeztu berri du Laudioko Txosna Batzordeak. Aurten ere Aldai Plazan jarriko dute karpa motako txosnagunea, eta askotariko jarduerak eskainiko dituzte jaietako zazpi egunetan: abuztuaren 15ean, 16an, 17an, 24an, 25ean, 26an eta 27an.

Aiaraldea.eus hedabideak argitaratu duenez, SOS Aiaraldea plataformak jasoko du 2022ko Urrezko Katxia, "azken urteetan lan eta bizi baldintza duin batzuen alde eskualdean egindako lan eskerga" aitortzeko. Plataformako kideak izango dira festa giroa piztearen ardura izango dutenak, abuztuaren 15ean 13:00etan txosnagunea zabaldu aurreko ekitaldian.

Urtero bezala, musika eskaintza zabala izango da Aldai Plazako txosnagunean: besteak beste, Urrats, Akerbeltz, Las Sexpeares, Erroka, Gora Etorri, Matx, Zutik!, Dupla, Erruki, 4 Bancos, Atxurre, Dantzetan Jarrai eta DJ Masa izango dira agertokian.

Horrez gain, bestelako jarduera asko izango dira: egunero 11:00etatik aurrera, Familia Gunea, Kirikiño Atseden Taldearen eskutik; hilaren 17an, Kultur tantak haurrentzako ikuskizuna, herri bazkaria, kluedopoteoa eta bingo musikatua; hilaren 24an, kantukada eta zunba erraldoia; 25ean, koadrilen arteko herri bazkaria eta Laudio's Got Talent lehiaketa; 26an, Miriki ipuin kontalaria eta erraldoiketako argazki erakusketa; eta abuztuaren 27an, jaietako azken egunean, herri bazkaria.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide