Zea Mays, Doctor Deseo, La Oreja de Van Gogh, La Pegatina eta Despistaos, Laudioko jaietan

Erredakzioa 2022ko mai. 12a, 13:00
Laudioko jaien aurkezpena. / Argazkia: LAUDIOKO UDALA

Abuztuaren 15etik 28ra, Laudioko Sanrokeetan, Terentzio eta Tomasa erraldoiek irakurriko dute pregoia, txupina Javi Artetak botako du, eta Doctor Deseo, Chica Sobresalto, Despistaos, Zea Mays, La Pegatina, La Oreja de Van Gogh, Mocedades eta Amak arituko dira, besteak beste.

Hiru hilabete falta dira abuztuaren 15etik 17ra eta 24tik 28ra ospatuko diren Laudioko jaien 53. ediziorako, pandemiarengatik izandako bi urteko etenaldiaren ostean.

Abuztuaren 14an, igandean, hasiko dira Sanrokeak, eta, edizio honetan, Udalak eta jaietako lantaldeak Terentzio eta Tomasa erraldoi maiteei (hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea duten Jose Ignacio Goikoetxea eta Sebastian Martin) eman diete pregoia irakurtzeko ohorea.

Horrez gain, azken lau hamarkadetako programa bakoitzaren parte izandako Javi Arteta udal langile ezagun eta maitatuak botako du txupina, "bere inplikazioagatik, jarrera onagatik eta lankidetzagatik".

Kontzertuak

Pandemiaren ostean jai herrikoi gehienekin gertatuko den bezala, kontzertuek bere esentzia itzuliko diete Laudioko jaiei ere. Aurtengo kartelak ikus-entzule guztiei zuzendutako taldeak eta kalitate handiko musika espektroa jorratu nahi izan du. Hortaz, talde garrantzitsuak eta eszenaratze zaindua izango da jaietan:

  • Abuztuak 16, asteartea: Doctor Deseo + Chica Sobresalto
  • Abuztuak 17, asteazkena: Despistaos
  • Abuztuak 24, asteazkena: Zea Mays
  • Abuztuak 25, osteguna: Puro Relajo + La Pegatina
  • Abuztuak 26, ostirala: La Oreja de Van Gogh

Kontzertu horiez gain, Mocedades, Amak, Mariachi Zacatecas, Los Chimberos eta Korrontzi taldeak ere Laudioko jaietan izango dira, beste batzuen artean.

Kartel lehiaketa

Bestalde, Laudioko kuadrillek beren ohiko jai ekitaldiei ekingo diete berriz ere. Izan ere, beti bezala, herriko elkarteak izango dira Sanrokeetako protagonistak.

Bitartean, zenbait jarduera eta ordutegi behin betiko zehazten dituzten bitartean, 2022ko Sanrokeak iragartzeko kartel lehiaketa martxan dago, maiatzaren 20ra arte. Parte hartu nahi dutenek proposamenak JPG formatuan bidali beharko dituzte, Udalaren webguneko formularioaren bidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide