Mendiko Eskolako komunitatea hiru urteko umeen gela baten itxieraren aurka

Erredakzioa 2022ko eka. 8a, 11:00
Mendiko Eskolaren itxieraren aurkako elkarretaratzea. / Argazkia: @LABirakaskuntza

Hezkuntza Sailak 3 urteko mailan bi lerroetako bat kentzeko asmoa duela ohartarazi du Amurrioko Mendiko Eskolako guraso elkarteak. Horren aurkako elkarretaratzea egingo dute ostegun honetan, 19:00etan Juan Urrutia plazan.

Gaur egun Amurrion dauden bi ikastetxe publikoetako bat da Mendiko Eskola. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eskaintzen ditu, eta 2 eta 12 urte bitarteko 400 ikasle inguru ditu.

Orain arte, hogei lerro edo talde izan ditu, baina ikastetxeko hezkuntza komunitateak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak horietako bat kentzeko asmoa duela hurrengo ikasturteari begira: zehazki, 3 urteko mailan dauden bi lerroetako bat. Hortaz, maila horretan soilik 23 ikaslerentzako lekua egongo da 2022/2023 ikasturtean, hori baita Hezkuntzak markatutako ratio maximoa.

"Itxieraren susmoa egon zen lehenengo momentutik, eskolako zuzendaritzatik ahaleginak egin dira egoera honi konponbide on bat bilatzeko", azaldu dute Mendiko Gurasoek. Baina lan horiek guztiek ez dute emaitzarik izan: dagoeneko 23 ikasle horiek baino gehiago matrikulatu dira (bat gehiago, momentuz), eta ikasle hori Amurrioko beste ikastetxe publikora bideratu egin behar izan dute.

"Guztiok badakigu geroz eta ume gutxiago jaiotzen ari direla, baina, pena merezi du hezkuntzan aurrezteak? Pena merezi du gure etorkizuneko umeen formakuntzan aurrezteak?", galdegin du guraso elkarteak.

Mobilizazioak

Horren guztiaren aurrean, Mendiko Eskolako eragileek bat egin dute itxieraren aurka. "Uste dugu oraindik garaiz gabiltzala erabaki hau hartu dutenei arrazoiak emateko erabakia atzera bota dezaten. Eragin oso txarra izango du gure umeengan, baita eskolako langileengan ere: maisu-maistrengan, zuzendaritzan, formakuntza proiektuen koordinazioan, pedagogia terapeutikoa aurrera eramaten duten langileen finkotasunean, jantokiko langileengan...".

Ostegun honetan, ekainaren 9an, itxiera eta murrizketen aurkako elkarretaratzea egingo dute Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:00etan, Gora euskal eskola publikoa! Gora Mendiko Eskola! lelopean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide