Amurrion hezkuntza publikoaren aldeko sare bat jarri dute martxan

Erredakzioa 2022ko mar. 18a, 13:30
Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarearen aurkezpena. / Argazkia: @AHPsarea

Zabaleko Bizirik plataforma Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea bihurtu da, ikastetxearen itxieraren aurkako problematikatik harago joan eta udalerriko hezkuntza publikoaren alde lan egiteko.

2021eko maiatzaren 23an, Zabaleko Bizirik plataforma sortu zen Amurrion, Zabaleko eskola publikoaren itxierari aurre egiteko. Orduz geroztik, ikastetxea ez ixteko borrokaren aitzindari bihurtu da plataforma, eta hezkuntza "baliabide publiko gisa esparru guztietan" defendatzeko hautua egin du.

"Azken urteotan sektore honetan izan den narriadura handiaren ondorioz, hainbat izan dira eskualdean borroka horri babesa eman dioten eta harekin bat egin duten taldeak, eta guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu jasotako babesagatik", adierazi du plataformak, komunikatu batean.

Orain, "izena eta helburuak nahasteari" uzteko, Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea izena jarri diote plataformari, ikastetxe bakar batetik harago doan problematikari aurre egiteko asmoz.

Hala ere, "argi eta garbi" utzi nahi izan dute "ikastetxea ixteko mehatxua ez dela desagertu, kontrakoa baizik". Azaldu dutenez, "gaur egun duela urtebete baino gehiago itxi daiteke; alderdi politikoak Hezkuntza Lege berri bat sinatzeko akordio batera iristen ari diren egungo testuinguruan, arrisku hori areagotu egin da. Proiektu berriak hezkuntza zerbitzuen pribatizazio prozesua legitimatu nahi du, ikastetxe pribatuei baliabide publikoak esleituz, eta hori guztia itunpeko hezkuntzaren ereduan ezkutatuta".

Sei ardatz

Joan den otsailaren 25ean egindako batzarrean, erakundearen nortasun aldaketa erabaki zuten, eta hemendik aurrera Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea izango da udalerriko hezkuntza publikoaren aldeko erreferentzia. Gainera, Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearekin bat egin dute.

Horrela, plataformaren helburu soziala sei ekintzetara bideratuko dute:

  • 1. Hezkuntza publikoaren eredua defendatzea, irakaskuntzaren kalitatearen bermatzaile bakar gisa.
  • 2. Hezkuntzaren kudeaketa publikoaren aurka gauzatzen den ekintza politiko, sozial edo enpresarial oro salatzea.
  • 3. Ikastetxe publikoek gaur egun jasaten duten segregazioari aurre egitea.
  • 4. Erakundeek sektore publikoari utzi diezaioten borrokatzea.
  • 5. Sektore publikoko zentro, zerbitzu eta langile guztien defentsa babestea.
  • 6. Borroka hori defendatzeko interesa duten pertsona eta talde guztien arteko komunikazio sareak sortzea eta elikatzea: "Plataforma honen bidez, Amurrioko sare publikoko zentro guztietako eragileei eta erabiltzaileei ahotsa eman nahi zaie. Sare honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu borroka honekin identifikatuta sentitzen diren pertsona guztiak", azpimarratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide