Artziniegako Museo Etnografikoaren bideragarritasuna bermatuko dute

Erredakzioa 2022ko ots. 11a, 11:48

Artziniegako Museo Etnografikoaren hitzarmena sinatu dute gaur. AFA

Lau urterako hitzarmena sinatu dute Artziniegako Udalak, Foru Aldundiak eta Artea elkarteak.

Kultura eta Kirol saileko foru diputatu Ana del Valek, Artziniegako alkate Joseba Vivancok eta Artea Etnografia Elkarteko lehendakari Maria Francisca Ofizialdegik erakundeen arteko hitzarmen bat sinatu dute Artziniegako Museo Etnografikoa kudeatu eta finantzatzeko. Hitzarmen horren azken helburua da, epe luzerako bideragarritasuna bermatzeaz gain, baliabide publikoen eraginkortasuna hobetzea eta erabilera optimizatzea, ingurune hurbileneko eta, oro har, Euskal Herriko pertsonen kultura, ohiturak eta bizimodua zabaltzea sustatuz eta hobetuz.

Udala da arduradun nagusia

Hitzarmen horren berritasun nagusia lau urterako izatea da, eta beste lau urte luza daitekeela. Bestalde, hemendik aurrera, Udalak hartuko du bere gain irekiera eta jendearentzako zerbitzuaren kudeaketa, museoaren bisita gidatuen bidez, eta zerbitzu hori enpresa bat kontratatuz eskainiko du. Udalak administrazio-baldintzen agiria landuko du u Artearekin lankidetzan. Agiri horiek ez dute lehentasuntzat izango prestazioaren prezioa jaistea, baizik eta prestazioaren kalitateari lotutako beste alderdi batzuk. Gainera, prezio publikoak ezarriko ditu.

Halaber, eraikina kontserbatzeaz, mantentzeaz eta garbitzeaz ere arduratuko da Udala, baita bilduma zaintzeaz eta egoera egokian kontserbatzeaz ere, eta egin beharreko esku hartzeak Artea Etnografia Elkartearekin adostuko ditu.

Bestalde, Arteak, bildumaren jabeak, Udalaren esku jartzen du bildumaren erabilera, batera kudeatu eta ustiatzeko. Lagapen hori, jakina, egingo da baldin eta museoa epe horretan kudeatzen jarraitzen bada. Konpromisoa hartzen du, nolanahi ere, Udalarekin lankidetzan aritzen jarraitzeko bildumari eusteko, bildumarekin zerikusia duten jarduera guztietan, agiria idazteko, eta sortzen diren jarduerak jaso, aztertu eta proposatzeko.

Aurrekontua igo da

Arabako Foru Aldundiak 55.000 euro esleitzeko konpromisoa hartu du hitzarmenaren indarraldian (zortzi urtera luzatzen bada ere bai). Kontuan izan behar da zenbateko hori 20.000 euro igo dela legegintzaldi honetan, hura hasi zenetik, azken helburua baita museo bikain horren bideragarritasuna. Gainera, dirulaguntza horren xedearen jarraipena, kontrola eta gainbegiratzea egingo ditu Foru Aldundiak, eta Udalarekin lankidetzan arituko da, Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren bidez, hura kudeatzeko edo sustatzeko behar duten aholkularitzan.

Azkenik, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, hitzarmena betetzen dela zaintzeko eta interpretatzeko, bai eta hitzarmenetik erator daitezkeen auziak ebazteko ere. Batzorde hori alderdi bakoitzeko pertsona batek osatuko du, eta Arabako Foru Aldundia izango da buru; urtean bi bilera egingo ditu gutxienez.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago