Bi milioi eurotik gorako aurrekontua onartu berri du Artziniegako Udalak, eta horren baitan Ortiz de Salazar dorrearen zaharberritzea aurreikusi du, hotel bat zabaltzeko. Aiaraldeko erreferente turistikoa bilakatzeko beste urrats bat izango da hori, Joseba Vivanco Retes (Artziniega, 1969) herriko alkateak azaldu duenez. Gainera, herriko fundazioaren 750. urteurrena ospatzeko osatzen ari diren urteko programak "Artziniega mapan jartzeko" balioko duela azpimarratu du.
Onartu berri dituzue 2022ko aurrekontuak. Zer obra nagusituko dira?
Artziniegan beti oso estua da aurrekontua. Bi milioi euro ditugu eta zenbateko txikia da gure populazio berdina duten Arabako beste udalerriekin alderatuta, haiek baliabide gehiago dituztelako eta guk, finean, Diputazioaren finantziazioa dugu, milioi bat euro, eta zergak. Hala ere, aurten bi proiektu garrantzitsu ditugu mahai gainean. Batetik, Kultur Etxearen zaharberritzearekin hasiko gara: milioitik gorako inbertsioa egingo dugu eta urte luze iraungo du obrak. Bestetik, Ortiz de Salazar dorrearen eraberritzearekin hasiko gara, landa-hotel bezala egokitzeko eta ahal izanez gero, taberna eta jatetxe bezala ere eskaintzeko.
Hutsik dago orain dorrea?
Bai. Azken 25 urteetan hotel bezala funtzionatu du, baina orain dela bospasei urte utzi zuten eta itxita dago ordutik. Legegintzaldiaren hasieratik proiektua lantzen hasi ginen, eta 300.000 euroko kostuari aurre egin beharko diogu berritzeko: berogailua jarri, teilatua konpondu, irisgarritasuna hobetu… Obrak aurten amaitu nahi ditugu eta hurrengo urtean lizitatu. Modu horretan, urte luzez izan ez dugun ostatu zerbitzua eskaini ahalko dugu herrian; izan ere, lehen nekazal turismoko etxea duela bi urte zabaldu zen Artziniegan, eta ordurarte bisitan etortzen direnentzako ostaturik ez dugu izan udalerrian.
"Urte luzez izan ez dugun ostatu zerbitzua zabaldu nahi dugu, Ortiz de Salazar dorrean"
Proiekturen bat baztertu behar izan duzue?
Printzipioz aurrekontuan sartu ez direnak beste finantziazio moduen bidez egiten saiatuko gara: adibidez skate zona bat jarri nahi dugu kiroldegian, gazteekin horrela adostu dugulako.
EAJk egindako proposamen guztiak baztertu dituzuela salatu du.
Egia da ez ditugula ez PPk ez EAJk aurkeztu dituzten proposamenak onartu, baina hitz eman diegu baliabide ekonomikoak egonez gero egingo ditugula, herriarentzat onuragarriak eta egingarriak direnak. Kontuan izan behar da aurrekontua urtean zehar aldatzen doan dokumentu bat dela. Dena den, EAJk ez du zuzenketarik egin; hauteskunde programa bat aurkeztu du. Oso ondo dago, baina oposizioak ez du esan nondik kendu behar den dirua beste toki batean jartzeko, eta ariketa hori ere egin beharko lukete, bestela Olentzeroren gutuna da.
Artziniegaren fundazioaren 750. urteurrena ospatuko da aurten. Hasi zarete programa lantzen?
Azken urte hauetan Artziniega ezagutzera emateko lan egin dugu, eta ildo horretan jarraitu nahi dugu, beste udalerriekin elkarlanean, ekimen turistikoen bitartez, martxan jarri dugun tokiko produktuen merkatuaren bidez… Urteurrenarekin lortu nahi duguna da Artziniega mapan jartzea, eta horretarako urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu nahi ditugu: hitzaldiak, musika, abesbatzak, antzerki saioak, eta azken bi urtetan pandemiagatik galdu ditugun ekitaldi ospetsuak berreskuratu: martxoko mendi-martxa, Karpy bizikleta lehiaketa, eta iraileko Erdi Aroko Merkatua. Gainera, Arceniega abizena duten pertsonen munduko topaketa antolatu nahi dugu.
Nola eragin dizue pandemiak, krisia sumatu duzue?
Geldialdia egon da, baina udaletik saiatu gara arintzen. Irailean, adibidez, ezin izan genituen jaiak antolatu baina kultur ekitaldi batzuk programatu genituen, eta jendeak asko eskertu zuen. Oposizioak, aldiz, kritikatu zuen, baina horretarako dago oposizioa. Nik uste dut jendea eta tabernak pozik geratu zirela, jakinda gainera negua etorriko zela eta Erdi Aroko Merkatua ez zela ospatuko. Pandemian, tabernarik ez da itxi, dendak ez dira itxi, gehienak negozioaren jabeak direlako eta ondo eutsi diote krisiari.
Legegintzaldi zaila egokitu zaio EH Bilduko udal taldeari?
Zaila eta nekagarria izaten ari da, higadura handikoa. Orain, prezioen igoerarekin ere jarduerak berreskuratzea zaila izaten ari dela ikusten ari gara.
Gogoz kontra sartu zarete, adibidez, Arabako Diputazioaren aldetik sustatu duten Urbide partzuergoan?
Urbiden sartzeko eskaera egin zuen Udalak argi izanik lehenengo gauza gure bizilagunak zirela, eta ezin genituela zigortu ur-tarifa bikoitza edo hirukoitza ordaintzera.
"Gasteiz Urbiden sartzen ez bada, ur partzuergoak ez du etorkizunik; hori argitu behar da"
Zer arazo ikusten dizkiozu Urbideren asmoari?
Gauzak korrika eta presaka egin dira, azalpenik eman gabe. Eta hori ez zaigu gustatzen. Horregatik ez ginen sartu hasiera batean, baina azkenean ekonomiaren aginduz sartu behar izan gara, beste aukerarik ez genuelako, barruan zaude edo gurutziltzatzen zaituzte.
Ez da hausnarketarik egin uraren kudeaketaren inguruan?
Ez dago argi noren eskuetan egongo den partzuergoa etorkizunean, non izango duen egoitza nagusia, zer enpresa antolatuko diren horren inguruan, zeintzuk aterako dituzten onurak hortik, pribatizatuko ote den… Eta horri guztiari oinarrizko gauza bat gehitu behar zaio: Gasteiz Urbiden sartzen ez bada, partzuergoak ez du etorkizunik, eta Diputazioak ez du hori argitu. Aldundiak konpromisoa hartu du hurrengo hamar urtetan, urtero, milioi erdi bat euro jarriko dituela Urbide finantzatzeko, baina Gasteizek beste guztien partea jartzen ez badu ez dago etorkizunik. Gasteizek uraren faktura zentimo batzuk igotzen baditu gainerako arabar guztien partea ordaindu dezake erraz, baina ez dago argi Amvisa sartuko den edo ez. Zeinek ordainduko ditu bestela Amurrioko eta Laudioko araztaileak? Nola mantenduko dira obra horiek? Urbidek ez du gaitasunik horri aurre egiteko eta Diputazioak ez du dirua jarriko debalde.
Diputazioaren aldetik finantziazio nahikoa izaten ari da Udala?
Arabako Diputazioaren aldetik Fofel dugu, eta hori da dagoena. Hogei biztanle galtzen baldin badituzu, guri iaz gertatu zitzaigun bezala, 16.000 euro galtzen dituzu… Beste alde batetik, Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren ekimenez, Aiaraldea sustatzeko plana dago, baina ez dugu ahaztu behar Bizkaiko udalerriak ere sartzen direla plan horretan. Ikusiko dugu nora bideratzen den inbertsio hori. Diputazioak Araban egiten duen inbertsioa balantza batean jarriko bagenu, ziur aski Aiaraldea atzean geratuko litzateke.
Agian Aiaraldeak ez du horrenbeste laguntza behar?
Uraren gaiari erreparatuz, gogoratzen dut Aiaraldeko Ur Partzuergoak Diputazioari leporatzen ziola biztanle kopurua kontuan hartuta, Aiaraldean hamarkadetan egindako inbertsioek ez zutela zerikusirik Arabako Errioxan egindako inbertsioekin. Gehiago behar dutela… ba ez dut oso argi. Gainera, Aiaraldea herrialdearen bigarren traktore ekonomikoa da. Arabako Errioxa zaindu behar dela, bai, baina Aiaraldean aztertu beharko da krisi ekonomikoaren ostean nora jo eta industria nora bideratu, eta horretarako inbertsioak behar dira.
"Diputazioak egin dituen inbertsioak balantza batean jarrita, Aiaraldea atzean dago"
Zer paper jokatu behar du Artziniegak eskualdeko ekonomian?
Guk hiru enpresa ditugu eta betikoak dira, ez gara lehiatuko Amurrio, Laudio edo Aiararekin edo Gordexolarekin, Bizkaian. Gu eskualdeko erreferente turistikoa gara. Aiaraldean eremu naturalez gainera, Artziniega eta Kexaa daude, beraz, gure ondarea nabarmendu behar dugu. Horregatik, Aiaraldeko planaren diru-laguntza horietan ere parte hartu nahi dugu. Industria suspertzeko balio behar dute, baina baita gure turismo sarea indartzeko ere, gaur egun eskualdea oso erakargarria izan daitekeelako turismoaren aldetik, baina ez dago planik, ez dago estrategiarik. Laudiok eta Amurriok pisu handia dute industriaren aldetik, eta, aldiz, gure papera eskualdeko koroa turistikoaren harribitxia izatea da. Oso bilgarri ona dugu baina edukiz betetzea falta zaigu, faltan ditugu ostatuak, jatetxerik ez dago, eta ekintzaileak falta dira.
Museo etnografikoa da Artziniegako ikurretako bat. Lotuta dago hitzarmen berria?
Urtarrila eta otsaila bitartean Diputazioaren, Artea elkartearen eta Udalaren arteko hitzarmena sinatuko dugu, eta aurrerantzean Udalak kudeatuko du museoa, eta Diputazioak finantziatuko du. Hasiera batean, Diputazioak bere gain hartu behar zuen kudeaketa, baina azaroan esan ziguten ezinezkoa zela eta Udalak hartu behar zuela, beraz tramite juridiko eta legal asko eta zintzilik geratzen ziren gai ugari konpondu behar izaten ari gara. Gainera, diru gutxiago dago, aurrerantzean urtero 55.000 euro jarriko ditu Aldundiak. Oso konplikatua izaten ari da prozesu osoa, gai delikatua da, museoak bizia kendu dit.