Kolenbolo eta akaroen ezkutuko lana

Erredakzioa 2022ko urt. 11a, 08:00
Erakusketa hilaren 23ra arte egongo da zabalik. MUSKERRAK

'Bizitza Basoetan' ekimenaren barruan, argazki erakusketa baten emaitzak eraman dituzte Amurriora.

Basoetan badira erraz ikusten diren gauzak, bai eta hain agerikoak ez direnak ere. Ikusgarri direnen artean, landareak eta hainbat animalia badira naturan. Beste animalia batzuk, berriz, zailagoak dira ikusteko. Eta basoaren oinarrietan badira ere guztiz ezkutuan ari diren langile ñimiñoak, orbelaren barruan inurri lana egiten dutenak.

Horien garrantzia nabarmendu dute Amurrion, hilaren 23ra arte zabalik izango den erakusketa batean. Izan ere, Muskerrak taldekoek La Casona gunean paratu dute 'Bizitza Basoetan' ekimenaren emaitzetako bat: basoko bizia eta bizitza jasotzen dituen argazki mordoa, hain justu.

Irudiotan basoko hainbat pasarte jasota geratzen dira, baina baita garrantzi handiko funtzio ekologikoen gaineko azalpenak ere. Oraingoan, bereziki orbelari erreparatu nahi izan diote, funtsean, bertan hasi eta bukatzen direlako basoko bizi forma guztien zikloa. Eta hor aritzen dira ere gehienetan ikusten ez diren langile finak, hala nola kolenboloak edota akaroak.

Argazki lehiaketan saritutako argazkiez gain, hitzordu horretara aurkeztutako beste hainbat irudi esanguratsu jarri dituzte ikusgai. Besteak beste, Xabier Ramos, Gustavo Abascal, Oier Virizuela, Enrique Arberas eta Maider Iglesias-Carrascoren irudiak jaso dituzte.

Antolatzaileen esanetan "baso naturalek eta haien kontserbazioak tokiko biodibertsitaterako duten garrantzia" ezagutarazi nahi dute egitasmoarekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide