Hil honetan jaio da Aiaraldean Muskerrak izeneko ingurumen elkartea, "Natura ezagutu eta ezagutzera emateko" helburuarekin. Lehen ekimenak egiten hasi dira. Horietako bat Bizitza Basoetan izenekoa da, "baso naturalek eta haien kontserbazioak tokiko biodibertsitatean duten garrantzia ezagutarazteko". Horretarako, Europako Eboluzio Elkartearen eta Amurrioko Udalaren laguntza jaso dute.
Helburu horrekin, argazki lehiaketa bat martxan jarri dute. Urriaren 15era arte lanak aurkeztu ahalko dira. Lehiaketarekin sustatu nahi dute jendea mendira atera dadila, natura ikustera eta dokumentatzera. "Inguratzen zaituen basoetara jo eta bertan topatzen dituzun animalia, landare eta onddoen argazkia atera eta guri bidali", eskatu dute lehiaketaren oinarrietan. Aurreratu dutenez, Amurrioko ikastetxeetan erakusketa eta hitzaldi ibiltariak egingo dituzte. Ekimenaren amaiera 2022ko hasieran egitea espero dute, Amurrioko Casonan saritutako argazkiez osatutako erakusketa batekin.
Beste hainbat proiektu dituzte esku artean. Adibidez, udal igerilekuak anfibioentzako tranpa izan ez daitezen lanean ari dira Aiarako Kuadrillarekin. Bestetik, SOS Anfibios elkartearekin elkarlanean, laginak hartzen ari dira, animalia talde honek dituen gaitzak atzemateko. Horietako bati jarraipen berezia egiten ari dira: Baso igel jauzkariari (Rana dalmatina).