Umorezko tirak egiten zituen marrazkigile bati aspaldi irakurritakoa da hau: "Nire ogibidean, gauzarik zailena da jendeari azaltzea leihotik begira nagoenean ere lanean ari naizela". Zaldieroak ere sinatuko lukeen egia, seguruenera. Izan ere, prokrastinazioaren eta inspirazioaren arteko mugak lausoak dira gehienetan, baina inspirazioak lanean harrapatu behar zaitu.
Horregatik, armairuan txanponen bilduma txiki bat izatea eta numismatikari buruzko erreportaje bat idaztea konbinazio txarra izan daiteke kontzentraziorako. Are gehiago, erreportajerako egindako grabazioan behin eta berriz balio handia izan dezaketen txanpon arruntak aipatzen direnean.
Txanpon albumetara egindako joan-etorri horien errudunak Amurrioko Armuru elkarte filateliko eta numismatikoko kideak dira. Aurten ere La Casonan erakusketa egin dute, eta urte luzeetan zehar egindako bildumen lagin bat herritarrei helarazi diete bertan. Ondo baino hobeto dakite bilduma horien atzean kultura asko dagoela, eta hori erakutsi nahi izan dute. Literalki, ezagutza hori mahai gainean jarri dute.
Elkartean filatelia eta numismatika lantzen dituzten arren, zigiluen inguruan ari ziren gehienak txanponetara eta billeteetara pasa dira azken urteetan. Jose Antonio Huidobro Zulueta da hautu hori egin duenetako bat. Dioenez, filatelian gero eta handiagoa da espekulazioa, eta horrek zaletu asko uxatu ditu; tartean, bera ere. "Lehen, postarako zigiluak baino ez ziren sortzen, baina gero beste produktu osagarri asko ateratzeari ekin zioten; tarifek gora egin zuten, are gehiago euroarekin. Garai batean, bilduma bat urtean 60 euro ordainduta egin ahal zenuen, baina gaur Espainiako bilduma egiteak 400 euro suposatu dezake. Gainera, hainbatek serie osoak erosi dituzte, horiekin espekulatzeko. Ondorioz, filatelia denda asko itxi dira, eta bildumazaletasuna ere galtzen joan da".
Antzeko zerbait gertatu zitzaion Celestino Diez Gonzalezi. "Afinsa-Forum auzia gertatu zenean, gauzak asko okertu ziren. Gainera, Correosek etiketa propioak egiteri ekin zion, eta zigiluen ekoizpena asko jaitsi zen. Niri bereziki gustatzen zitzaidan posta erabiltzea, eta oraindik asko erabiltzen dut. Gutunak jasotzen nituen, eta zigiluak gorde. Baina duela urte asko serie berriak erosteari utzi nion".
Zigiluak betirako baztertu beharrean, Diez Gonzalezek bilduma tematikoetan aurkitu du aterpe. Horiek ahalbidetzen diote bildumekiko ilusioa mantentzea. "Nire kabuz egiten dut, ez dakit besteoi gustatuko ote zaien. Bilduma hasi eta garatu, nekatzen naizen arte". Datorren urteko erakusketari begira, hegazti harraparien gaineko bilduma bat prestatzen ari da, eta mikologiaren gaia jorratzen duten zigiluen inguruko bilduma bat osatu du ere. "19 metro koadro izango dira, orotara; seguruenera, zabalerari dagokionez, Espainiako handiena izango da".
Akats bat duten txanponak bereziki estimatuak dira, horiek eskasiaren balioa dutelako
Askotarikoak izan daitezke bilduma tematiko horiek, bai zigilu zein txanponetan. Eta aleak biltzen dituzten bitartean, noski, asko ikasten dute gai horren inguruan.
Bildumek historia ikasteko aukera ematen dute ere. Juan Luis Perello elkarteko presidenteak, adibidez, txanpon historikoak biltzen ditu, eta, horiez gain, kooperatibetako fitxak. Horien bilduma garrantzitsu bat dauka, eta liburu bat idatzia du ere horren gainean.
"Kooperatibetako txapek euskal langileen gosea asetzea ahalbidetu zuten", aurreratu du Perellok. Azaldu duenez, kooperatiba horietan bildutako langileek haien denda propioak zituzten, eta diruaren ordezko txapen bitartez elikagaiak eta beste hainbat produktu erosi ahal zituzten, asteko edo hilabeteko soldata kobratu arte. Funtsean, diru alternatibo baten modukoa izan zen.
Aparteko balioa
Orain, Perello bezalako bildumagileak kooperatiba barruko salerosketetan erabiliak izan ziren fitxa horien bila ari dira, eta ahal duten guztia egiten dute fitxak lortzeko. Adibide bat jarri du Perellok. "Beira arasa horretan ikusiko duzu Basauriko kooperatiba baten fitxa txiki bat. Bost zentimoko balio faziala du. Nik 172 euro ordaindu nituen fitxa horren truke, Euskadiko kooperatiba guztietako fitxak nahi nituelako, eta Basauriko fitxarik ez nuen. Zoratuta egongo naiz horregatik? Baliteke, kar-kar!".
Ez da kasu bakarra. Diez Gonzalezi antzeko zerbait gertatu zitzaion zigiluen bilduma mikologikoarekin. "Duela hainbat hamarkada penizilinari buruzko zigilu marka bat atera zuten, eta, onddo bat den heinean, nik hori ere nahi nuen nire bilduman. Halakoek normalean 10-20 euro balio dute, baina nik 80 euro ordaindu nituen. Hil horretan beste gastu batzuk kentzea nahiago izan nuen, eta zigilu marka hori erosi".
Halako adibideek erakusten dute berez aparteko balioa ez duten objektuek bildumazaleen arteko merkatuan balio berezi bat hartu dezaketela. Merkatu bitxi horretan, akatsek berezko balioa dute. "Adibidez, 25 pezetako txanponetan, Castilla y León leloa duten zenbait aletan y hizkia falta da, eta hori ondo pagatzen da merkatuan".
Albumetara bidaia. Tamalez, ondo ordaindutako txanpon hori, ez dago kazetari honen bilduman. Y hizkia dotore-dotore ageri da Gaztela eta Leoni buruzko txanponetan.
Dena dela, Perellok nabarmendu nahi izan du poltsiko guztietarako aukerak badirela numismatikaren munduan. "Aukeratu daiteke gairen bat, edo herrialderen bat, eta joan osatzen, diru asko gastatu gabe". Gazteak ere hori egiteko moduan daude, baina, dioenez, gero eta gazte gutxiago sartzen dira zaletasunean.
Balio numismatiko hutsaz gain, zenbait txanponetan zilarra edo urrea egon daiteke. Horiek garestiagoak izan daitezke, noski, haien balioa ere metalaren araberakoa delako. Hortaz, zailagoa izango da balioa galtzea. "Aurten adibidez, Espainiak urrezko moneta bat aterako du, 1.600 bat euroren truke; urre purukoa izango da", nabarmendu du Perellok. Txanpon horren balio faziala, ordea, 1,5 eurokoa baino ez da izango. Teorian, Espainiako bankuak euro eta erdi hori ordainduko luke txanpon horren truke.
Filatelian izandako espekulazioa numismatikan ere errepikatuko ote den beldur da Huidobro. "Tira, Maltak goizeko seietan txanponak erosteko aukera irekitzen du, eta hamar minututan txanpon guztiak salduak dituzte".
Metalen distira horren adibide gertuagokoa bada 2.000 pezetako txanponetan. "Horiek 16 gramo zilar daukate", azaldu du Perellok.
16 gramo zilar! Txanpon horietako baten bila, albumetara. Bada bat. Londresko metalen merkatuaren kotizazioaren arabera... ea, 10,34 euro aberatsago. Horrekin ere ez da ordainduko, ez, azaroko gasaren faktura.
Zigilu berezia
Urtero bezala, erakusketarekin batera zigilu bat eta zigilu marka bat atera dituzte. Aurten, Victoriano Barañanoren omenez egin dute; elkarteko lehen presidentea izan zen Barañano.
Elkarteko kideekin batera La Casonan egindako bisitaldian argi geratu da zaletasun horren atzean ezagutza asko dagoela, eta baita objektu horiekiko grina berezia ere. Beira arasa bakoitzaren aurrean gelditzean, istorio bat baino gehiago atera zaizkie zaletuei. Horietako ale asko internet bitartez eskuratu dituzte, baina baita beste bide tradizionalen bitartez ere. Kasurako, Diez Gonzalezek ez du internet erabiltzen, eta posta tradizionalaren bitartez egiten ditu tratuak. "Bereziki italiar baten bitartez material asko lortzen dut. Berak fotokopiak bidaltzen dizkit, eta interesatzen zaidana eskatzen diot". Zigiluen kasuan, "agerikoa da kasu askotan balioa galdu dutela, batez ere azken urteetako jaulkipenek. 1950ko hamarkada baino lehenagoko zigiluak, ordea, ondo pagatzen ari dira", ohartarazi du Diez Gonzalezek.
Ogerleko baten aurrean igarotzean, azken istorioa azaltzen da: Futbol mundialaren akatsa. 1980an egin zen txanpon hori, baina, zenbait aletan, 1975. urtea agertzen da, eta hori balio handikoa da numismatikaren merkatuan.
Suposatzekoa da albumetara egindako hirugarren bidaiaren emaitza, ezta? Ogerleko horren arrastorik ez. Agian irakurleak zorte handiagoa izango du, kutxa zaharretan tentuz begiratuz gero...