Akordioa sinatuta, Tubacexeko langileak bihar itzuliko dira lanera

Erredakzioa 2021eko urriaren 4a

Tubacexeko langileek 236 egun eman dituzte greba mugagabean. / Argazkia: AIARALDEA.eus

Langile guztien arteko bozketa baztertuta, Eusko Jaurlaritzaren proposamena onartu du Tubacexeko enpresa batzordearen gehiengoak. Akordioa Bilbon sinatu dute, eta, greba amaituta, asteartean itzuliko dira lanera.

Astelehen goizean bildu da Tubacexeko enpresa batzordea, Eusko Jaurlaritzak bi aldeei luzatutako proposamenaren inguruan erabakitzeko: aurreakordioak aldeko zazpi boto ELA eta CCOO eta kontrako sei STAT, LAB eta ATAL lortu zituen ostiralean; gaur, bertan erabakitakoa berretsi dute langileen ordezkariek.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena onartu eta zuzendaritzarekin lortutako akordioa sinatzea erabaki dute. Besteak beste, ia zortzi hilabeteko (236 eguneko) greba mugagabea amaitzea eta langile guztiak —kaleratutakoak barne— lanera itzultzea ekarriko du akordioak.

Hala ere, akordioak hainbat aldaketa ekarriko ditu lan baldintzei dagokienez: adibidez, urtean 40 ordu gehiagoko lanaldia, soldatak 2025era arte izoztea eta erretirorako BGAEari egiten zaion ekarpena %4tik %1era jaistea... Akordioak lan baldintzetan eragingo dituen ondorio horiek kritika asko piztu dituzte langileen eta kontra bozkatu duten sindikatuen artean. Nolanahi ere, akordioarekin enplegua eta inbertsioak bermatuko dira 2024ra arte.

Sindikatuen artean iritzi kontrajarriak zeudela eta ostiraleko bozketa oso estua izan zela ikusita, bozketa plantilla osoari zabaltzea proposatu zuen CCOO sindikatuak, baina enpresa batzordeak aukera hori baztertu egin du.

Enpresa batzordeak erabakitakoaren berri Eusko Jaurlaritzari eman ostean, 13:30ean Bilbon sinatu dute grebari amaiera eman dion akordioa. Langileak bihar itzuliko dira lanera Laudio eta Amurrioko fabriketako beren lanpostuetara. Azkenean, kaleratzerik gabe amaitu da greba, langileek hasieratik eskatu izan duten bezala.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago