Kaleratzerik gabeko akordioa lortu dute Tubacexen

Erredakzioa 2021ko ira. 30a, 18:01

Zazpi hilabetez luzatu da Tubacexeko langileen greba. AIARALDEA.EUS

Zazpi hilabeteko grebaren ostean, Tubacexeko sindikatuen gehiengoak eta zuzendaritzak akordioa itxi dute. LABek ez du akordioa sinatu, eta bihar hartuko du behin betiko erabakia.

Tubacexeko sindikatu gehienek ontzat eman dute zuzendaritzaren azken proposamena, eta hurrengo egunetan afiliatuekin partekatuko dute hasierako akordioa, baiezkoa eman diezaioten. Horrela izango balitz, jadanik 232 egun irauten duen greba amaituko litzateke.

Gaur 16:00etan elkartu dira Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saila, langileen ordezkariak eta multinazionaleko zuzendaritza.

Sindikatuek sinatu duten akordioaren arabera, Tubacexeko zuzendaritzak EAEko Auzitegi Nagusian jarritako helegitea erretiratuko du, eta horrenbestez ez du kaleratzerik egingo. Halaber, ELA sindikatuak zabaldu duen prentsa oharraren arabera, enplegua eta inbertsioak 2024ra arte bermatuko dira zenbait kontrapartidaren truke. "EPSVa %4 tik %1era jaistea proposatu da, 40 orduko lanaldi igoera, enplegu bermea 2024. urterarte ezarri eta Laudion eta Amurrion inbertsioak egiteko konpromisoa". ELAk ez du lanaldia igotzeko proposamena begi onez ikusi, baina hala ere proposamena "bere osotasunean" positiboki baloratu du: "Kaleratze behartuak baztertzea eta behin betiko neurriak ez planteatzea garrantzitsutzat jo ditugu". Azken erabakia afiliatuen esku utziko du.

LABek ez du sinatu

LAB sindikatuak, aldiz, prentsa oharra zabaldu du esateko ez duela hasierako akordioa sinatu; alta, kaleratzeak bertan behera uztea "garaipena" dela nabarmendu du. "Zazpi hilabeteko borrokaren ostean, enpresak amore eman behar izan du eta kaleratzeak egiteari uko egin behar izan dio. Tubacexeko zuzendaritzak unearen araberako egoera bat erabili nahi izan du langileak kaleratzeko, eta, borrokari esker, langile horiek beren lanpostuetara itzuli ahal izan dira".

LABen esanetan, ez dauka zentzurik bi enplegu erregulazio espediente indarrean duen enpresa batean urtero 40 lan ordu gehiago beharrean aritzea, eta Eusko Jaurlaritzari leporatu dio enpresako zuzendaritzarekin lerrokatzea. "Salatu egiten dugu langileak sobera omen zeuden lantokietan lanaldia handitzea eta lan karga areagotzea enpresen bideragarritasunerako alternatiba moduan planteatzea. Eusko Jaurlaritzak bere egin du planteamendu hori. Inork ez du esango Tubacex gezurretan ibili dela?", galdetu du sindikatuak.

Gauzak horrela, bihar azalduko du bere behin betiko erabakia LABek, afiliatuekin eztabaidatu ostean.

Eusko Jaurlaritza, "pozik"

Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea "pozik" agertu da oinarrizko akordioarekin, "orain arte adostutako baldintzak eta enplegua mantentzea bermatzen duelako". "Irtenbiderik onena bi aldeek adostutakoa da", azpimarratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago