Tubacexek urte bukaera arteko ABLEE berria proposatu du langile guztientzat

Erredakzioa 2021ko abu. 31a, 19:00
Tubacexeko langileek dagoeneko 202 egun daramatzate greba mugagabean. / @Tubace_xen

Tubacexeko zuzendaritzak laugarren ABLEE bat proposatu du irailaren 11tik abenduaren 31ra bitarterako. Lanaldiaren %70ari eta plantilla osoari eragingo lieke. Langileek 202. egunera iritsi den greba mugagabeari eutsiko diote oraingoz.

Laudioko eta Amurrioko lantegietako zuzendaritza eta enpresa batzordea negoziazio mahai berri batean bildu dira astearte honetan, Tubacexek ezarri nahi duen Aldi Baterako Lan Erregulazio Espediente berri baten inguruan akordioa lortzeko asmoz. Pandemia hasi zenetik urte eta erdi igaro den laugarren ABLEEa izango litzateke hori.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak uztailean baliogabetutako EEEaren eraginez kaleratutako 129 langileak ere ABLEE berrian sartzea eskatuko zutela aurreratu dute sindikatuek egunotan. Gaur egindako lehenengo bileraren ostean, badirudi hala izango dela, eta zuzendaritzak ezarri nahi duen ABLEE berriak plantilla osoari eragingo diola, baita kaleratutako langileei ere.

Nolanahi ere, enpresa batzordeak hurrengo bileren ondoren baloratuko du egoera irailaren 3an, 6an eta 7an izango dira—, oraindik argitzeko alderdi asko falta baitira. Oraingoz, "jarrerak hurbiltzea eta gatazka konpontzeko akordio bat bilatzen saiatzea" espero dute.

Honako hauek dira multinazionalak planteatutako ABLEE berriari buruz ezagutzen diren elementuak:

  • Covid-19ak eragindako ABLEE bat izango litzateke.
  • Irailaren 11tik abenduaren 31ra arte luzatuko litzateke.
  • Gehienez lanaldiaren %70 erregulatuko luke.
  • Kaleratutako eta epai judizialaren ondorioz berriz onartutako langileak kontuan hartuko lituzke.

Une honetan, Tubacexek Aiaraldean dituen hiru lantegiak beste ABLEE baten eraginpean daude, apirilean hasi eta irailaren 10ean amaituko dena. Hirugarren espediente horrek lanaldiaren %60ko gehieneko murrizketa suposatzen du 521 langilerentzat: horietako 397 Laudio eta Amurrioko TTI lantegietakoak eta beste 124 Amurrioko Aceralavakoak.

Epaitegiek baliogabetutako EEEari dagokionez, Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitearekin aurrera jarraitzea erabaki du enpresak —epaia urtebete atzeratu daiteke—. Negoziazioan askatu beharreko korapilo gatazkatsuenetako bat izaten jarraitzen du horrek. Ikusteko dago datozen egunetan bi aldeen artean jarrerak hurbilduko ote diren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide