Oskar Gonzalez

"Pigmentuen analisiak oso erabilgarriak dira faltsutzeak aurkitzeko"

Juanma Gallego 2021ko uzt. 19a, 06:00

Oskar Gonzalez, kimikaria eta dibulgatzailea. ALEA

Kimikarte.eus webgunea, sare sozialak, irratia, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren blogak, aldizkariak, hitzaldiak... eta baita liburu bat ere. Formatu hauetan guztietan artearen eta kimikaren arteko harreman estuari buruzko istorioak kontatzen ditu Oskar Gonzalez kimikariak.

Arteari buruz oinarrizko ezagutza batzuk baino ez zituela, EHUko Arte Ederren fakultatean irakasgai bat prestatu behar zuenean Oskar Gonzalez (Laudio, 1983) kimikariak artearekin egin zuen topo. Irakasgaia prestatzeko, informazioa biltzen hasi zen, eta mundu ederra aurkitu zuen. Orain gaiarekin guztiz maiteminduta dagoela antzematen zaio. EHUn klaseak eman eta ikertzeaz gain, artearen eta kimikaren arteko harremanei buruzko dibulgazioan bete-betean sartuta dago zientzialaria, eta Por qué los girasoles se marchitan izeneko liburua idatzi du.

Zeintzuk dira artelanak aztertzeko gehien erabiltzen diren teknikak?

Teknika asko dira, eta zaila da laburbiltzea. Agian interesgarriena eta ulergarriena jendearentzat erradiografia da. Medikuntzan erabiltzen diren erradiografiak artelanei ere egiten zaizkie. Guri egiten dizkigutenean, hezurrek gehiago xurgatzen dituzte X izpiak, eta horregatik zuriz azaltzen dira. Artelanetan, dagoen pigmentuaren arabera ere X izpiak xurgatzeko gaitasuna desberdina da. Horiek erabiltzen dira artelan osoa ikusteko, baina badira bestelako analisiak jakiteko zer pigmentu erabili izan den leku batean edo bestean. X izpien bidezko fluoreszentzia deitzen den teknika ere erabiltzen da, adibidez. Batzuetan beharrezkoa da lagin bat hartzea, mikroskopio bidez aztertzeko. Oso lagin txikiak hartzen dira eta, ahal dela, ikusten ez den tokiren batetik. Baina teknika suntsikorra da hori. Beti teknika ez suntsikorrak lehenetsi behar dira, noski. Artelanaren gainean aplikatzen dira, baina ez duzu zertan lagin bat hartu behar; ez duzu kalterik sortzen.

"Van Meegerenek XVII. mendeko mihiseak erosten zituen, Vermeerren lanak faltsutzeko".

Suntsikorrak beste erremediorik ez dagoenean baino ez dira erabiliko, ezta?

Bai, normalean egiletza bat ziurtatu behar denean, tartean diru asko egon daitekeenean. Halako prozesu asko ere egiten dira lan bat zaharberritu behar denean, artelana ondo ezagutzeko. Adibidez, gainazaleko berniz bat kendu ala ez erabakitzeko, zenbat geruza diren jakiteko... Faltsupenei dagokienez, artelanaren autentifikazioa egiteko analisi kimikoak oso garrantzitsuak izan daitezke. Adibidez, artelana noiz egin zen ebazteko. Horretarako, pigmentu zuriak oso erabilgarriak dira. Gaur egun gehien erabiltzen den pigmentu zuria titanio zuria da, baina XX. mendearen hasieran hasi zen erabiltzen. Artelan batean pigmentu hori atzematen baduzu, oso zaila da XVII. mendekoa izatea. Halere, kontuz ibili behar da, batzuetan gerta daitekeelako pigmentu hori zaharberritze prozesu baten emaitza izatea. Baina ikusten baduzu gehiena titanioa dela, argi dago ez dela Caravaggio bat izango.

Hara! Nik kimika asko jakingo banu, beruna erabil nezake faltsutze bat egiteko?

Egin zenezake, bai; baina oso zaila da. Izan ere, instrumentazioak eta analisi teknikek aurrera egiten dute. Han van Meegeren faltsifikatzaile ospetsuaren kasua ezaguna da. XVII. mendeko mihiseak erosten zituen Vermeerren lanak faltsutzeko, eta artistak erabiltzen zituen pigmentuak eta materialak erabiltzen zituen. Titanio zuria beharrean, berun zuria erabiltzen zuen.

Beraz, Van Meegereni aitortu behar zaio ere artista trebea izan zela.

Bai. Hori ezagutzen duzunean, meritua duela pentsatzen duzu halabeharrez. Ia jatorrizko artelana margotzea baino zailagoa da, hain justu. Koadro bat berria ala zaharra ote den jakiteko dagoen beste metodo bat da ikustea zenbat zahartu den olioa edo berniza, zenbat arrakala sortu zaizkien. Bada, Van Meegerenek bere artelan faltsutuak labean sartzen zituen, zahartze prozesua azkartzeko. Koadroak zikintzen zituen, eta horrela lortu zuen Vermeerrenak ematen zuten koadroak merkatuan sartzea.

Orain PCRak egiten diren modu berean, museoetan dauden artelanei probak egiten hasiko bagina, atribuzio faltsu asko aterako al lirateke?

Baiezkoan nago. Agian artelanik ospetsuenetan ez, tradizio luzea dutelako, eta aspalditik identifikatuta daudelako. Baina, bai, estimazio batek dio munduan diren artelanen heren bat faltsuak direla. Eta hori asko da. Gehiago dago loturik artelan garaikideari, baina ziur nago antzinako artisten artelan asko ere faltsututa daudela.

Aukera emango balizute artelan bat aztertzeko, zein aukeratuko zenuke?

Picassoren La vie, agian. Atzean istorio polita eta bitxia du. Baina egia da ere artelan hori nahiko aztertuta dagoela. Ez da kasu bakarra. Museo askok webguneetan jarri dituzte analisiak, nahi duen pertsona ororen esku..., batzuetan, gigapixel tamainako bereizmenean. Abantaila handia da.

Kapera Sistinoan egon nintzenean, ezer gutxi ikusi nuen; baina Vatikanoak interneten duen 360 bertsio ederrean askoz hobeto ikusten da. Ez al gaude pixka bat mozkortuta hainbeste aukerarekin?

Nik uste dut artelanak, ahal dela, bere lekuan ikusi behar direla. Baina egia da Gernika ondo ikusi nahi baduzu, hobe ikusiko duzula Reina Sofia museoaren webgunean museoan bertan baino. Xehetasunekin ikusteko, aukera horiek hoberenak dira.

Artiumen behin esan zidaten ez zekitela oso ondo nola kontserbatu VHS zinta bat.

Arazo bat da, bai. Duela 500 urte egindako lanen materialak oso ondo ezagutzen ditugu. Marmolak, olio pinturak, tenperak... kimikoki ere badakigu nola zahartuko diren. Pentsatu behar dugu plastikoak edonon aurkituko ditugula orain, baina material horiek 1960ko hamarkadatik hona baino ez dira erabili. Ez dakigu zelan zahartuko diren. Egia da pinturekin eta beste zenbait materialekin zahartze artifizialak egiten direla kamera berezi batzuetan. Hezetasuna eta tenperatura bezalako faktoreekin jokatzen da haien zahartze prozesuari buruz ikasteko. Bestetik, askotan pentsatzen dugu material asko arterako berariaz ekoizten direla, baina ez da horrela. Margo asko industriari begira ekoizten dira, etxeak eta eraikinak margotzeko, eta gero erabiltzen dira artean. Gainera, abangoardiak sortu zirenetik, edozein material erabili daiteke artea egiteko.

"Gustatzen zait pentsatzea amaieran ikasleek kimika beste modu batean ikusiko dutela".

Por qué los girasoles se marchitan zure liburua bigarren ediziora iritsi da. Pozik emaitzarekin?

Tira, ni lehenengo edizioa saltzearekin pozik nengoen. Liburua atera arte, beti idatzi izan nuen webguneetarako eta aldizkarietarako, eta, Jot Down aldizkarian sari batzuk jasota nituen. Baina ez nuen argi nola bideratu hori liburu batera. Aitzakia taula periodikoaren 150. urteurrena izan zen, eta liburua elementu kimikoen arabera antolatu nuen: kapitulu bat artearekin zerikusia duen elementu kimiko bakoitzeko. Liburua idaztea lan handia izan da, baina aitzakia ederra da ere zientzia dibulgatzeko, hedabideetan eta beste hainbat lekutan.

Twitterren hari ederrak osatu dituzu. Baina horiek ez al dira galduko noizbait, malkoak euritan bezala?

Hasieran harien kontra nengoen, nahiago nuelako blog batean idaztea. Baina [kimikarte.eus] blogean ere eduki horiek badira, eta ederra da ikustea duela urte batzuk idatzitako artikuluak oraindik ere kontsultatzen direla eta, batzuetan, erreferentzia bihurtzen direla. Egia da Twitterren egiten dituzun hariak galduko direla, baina formatu osagarriak dira. Egia da, baita ere, gaur egun ia edonork erabiltzen duela internet, baina liburuarekin beste publiko batengana iristen zara: Twitter erabiltzen ez dutenengana, liburutegietara edo museoetako liburu-dendetara, esaterako.

Pena da irudiak zuri-beltzean daudela. Kostuagatik izango dela suposatzen dut.

Hala da: arteari buruzko liburu bat pena da koloretan ez egotea. Baina hogei euro baino gutxiagoko liburu batean zaila da kolorea sartzea, are gehiago argitaletxe txiki baten kasuan. Koloretan izateak asko garestitzen du produktua. Horregatik, bigarren edizioan QR kode bat sartu dugu, nire blogaren atal zehatz batera eramaten duena. Horrela, nahi duenak, koloretan ere ikus ditzake liburuan agertzen diren artelanak.

Liburuan pigmentuei loturiko termino bitxi asko agertzen dira. Greziera ere ikasita izango duzu!

Niri etimologia asko gustatzen zait, eta pigmentuen eta horrelakoen etimologia oso bitxia da askotan. Greziera, latina, sanskritoa batzuetan… ez dira egunero erabiltzen ditugun terminoak. Gero, ikasten dituzunean, zure eguneroko hiztegian sartzen dira, eta eskolak ematean oso erabilgarriak dira. Baina egia da albayalde bezalako terminoak gutxitan aipatzen direla.

Arte Ederren fakultateko ikasleek nola jasotzen dute zure irakasgaia?

Nabaritzen dut ikasturtearen hasieran beldur pila bat diotela. Beraientzat irakasgaia ez da Kontserbazioaren eta zaharberritzearen oinarri zientifikoak, kimika bazik. Eta agian hasiko dira pentsatzen mekanika kuantikoa jorratuko dela. Kimika ere bada, noski, eta oinarrizko kontzeptu batzuk jorratzen ditugu. Baina gustatzen zait pentsatzea kurtsoaren amaieran beste modu batean ikusten dutela kimika, eta etorkizunean erabilgarria izango zaiela.

Etorkizunari begira, honetan jarraitu nahiko zenuke, ala agian ikerkuntzara gehiago bideratzea nahiago zenuke?

Nik askotan esaten dut ez naizela gai honetan aditua, dibulgatzailea eta kimika irakaslea baizik. Baina egiten dudan ikerkuntza arlo honetara bideratzea gustatuko litzaidake, artearen eta kimikaren mundua hobeto ezagutzeko. Une honetan gai hauek dibulgatzen ari naiz, baina hau nire irakaskuntza jardunaren %25 besterik ez da. Gainerako %75 zientzia fakultatean egiten dut, kimika analitikoa irakasten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago