Zabalekok iragarri du "borrokan" jarraituko duela

Erredakzioa 2021ko uzt. 9a, 08:40
Plataformak Gasteizen egindako protesta bat. ZABALEKO BIZIRIK

Jaurlaritzari konpromiso ekonomikoak, sozialak eta politikoak eskatu dizkio Zabaleko Bizirik plataformak.

Amurrioko Zabaleko Bizirik plataformak jakinarazi du uztailaren 6an Zabaleko guraso elkartea Jaurlaritzako Hezkuntza saileko arduradunekin elkartu zela Gasteizen. Batzar horren helburu nagusia eskolaren etorkizuna ezagutzea zela adierazi du, maiatzean Mendiko eta Zabaleko ikastetxe publikoen arteko bateratzearen berri eman ostean. "Bada, bi hilabete geroago, Hezkuntza sailak oraindik ez du argi hitz egin eskolaren etorkizunari buruz", arbuiatu du.

Amurrioko San Jose auzoko Zabaleko eskola txikiko hezkuntza komunitateak iragarri du "borrokan jarraituko duela", bilera horretan ez zelako "benetako konpromisorik" eman. Horren harira, gogorarazi du Zabalekok eraikin berri baten proiektua zuela onartuta, eta agindutako eraikin hori nahi duela.

Azpimarratu du Amurrion haurren matrikula publikoa bermatu nahi duela: "Euskal Herriko hezkuntza sistema indartzearen alde egingo dugu, sare indartua eta kalitatezkoa beharrezkoa delako". Horrekin lotuta, adierazi du ikastetxe handien kontra dagoela: "Familia eta eskola arteko harreman estua ezinbestekoa da, kalitatezko hezkuntza emateko. Hurbilekoa, naturala eta erreala. Eskola, familia, auzoa. Tribu osoa", azaldu du. Azkenik, lanpostuen alde ere "borrokatuko" dutela adierazi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide