EH Bildu

Zazpi proposamen Aiaraldea soziekonomikoki birmoldatzeko

Erredakzioa 2021ko uzt. 6a, 18:30
Aste honetan aurkeztu dute Ernaiberri Aiaraldea plana. / Argazkia: EH BILDU

EH Bilduren Ernaberri Aiaraldea planak lau erronka planteatzen ditu eskualdearentzat: industria birmoldaketa, ekonomia zirkularra, lehen sektorea eta zerbitzuen sektoreari lotutako enplegu-hobi berriak. Zazpi proiektu proposatu dituzte horretarako.

Maiatzean, Aldundiak 24 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen Aiaraldea suspertzeko. Inbertsio horretan oinarrituta, aste honetan, Ernaiberri Aiaraldea aurkeztu du EH Bilduk, eskualdearen suspertze sozioekonomikorako ibilbide-orri proposamena. Aiaraldeko bederatzi udalerrietako ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean (Urduña eta Orozko barne), proposamena Arabako mugak gainditu eta eskualde osora zabaltzeko asmoz.

Plan horrek lau erronka nagusi planteatzen ditu: industria birmoldaketa, ekonomia zirkularra sustatzea, lehen sektoreari balioa ematea eta zerbitzuen sektoreari lotutako enplegu-hobi berriak bilatzea.

Horretarako, EH Bilduk Aldundiaren funts horiekin finantzatuko liratekeen zazpi proiektu zehatz jarri ditu mahai gainean:

  1. Aiaraldea sustatzeko zuzendaritza bateratu bat sortzea, eskualdea sustatu eta garatzeko.
  2. Altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak modernizatzea.
  3. Lurzoruak eta industria eraikinak berreskuratzea.
  4. Turismo jasangarria sustatzea.
  5. Nerbioiko parke lineala amaitzea.
  6. Etxebizitza birgaitzea eta hiria birsortzea.
  7. Sukalde zentraleko sistema bat sortzea.

Joseba Vivanco Artziniegako alkateak eta Irune Iturbe EH Bildu Arabako mahai politikoan Aiaraldeko ordezkariak ohartarazi dutenez, "pandemiak, energia trantsizio atzeraezinak eta ikuspegi estrategikorik ezak bizkortu egin dituzte eskualdeko sare sozioekonomikoaren agortze-sintomak, bereziki industria eremuan".

Horregatik, EAEko Auzitegi Nagusiak Tubacexeko EEEak eta kaleratzeak baliogabetu dituen aste berean, "enpleguaren aldeko herri mobilizazioa babesteaz gain, hausnarketa estrategikoari ekitea eta alternatiba erreal, egingarri eta itxaropentsua eskaintzea ezinbestekoa" dela aldarrikatu dute. Hain zuzen ere, helburu horrekin jaio da Ernaberri Aiaraldea.

Altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak

Planteatutako inbertsiorik handiena sei milioi eurokoa da, altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak modernizatzeko. Neurri horren helburua "energia kontsumoa eta CO2 isuriak murriztea, hondar-beroa berreskuratzea eta energia berriztagarriak in situ ekoiztu eta kontsumitzea" da.

"Uste dugu eskualderako traktoreak diren enpresetan ez dela nahi adina inbertitu, eta azken belaunaldiko altzairutegi eraginkor bihurtu arte egin behar dugula aurrera", azpimarratu du Iturbek.

Lurzoruak eta industria eraikinak

Bigarren inbertsioa bost milioi eurokoa litzateke, lurzoruak eta industria eraikinak berreskuratzeko. Kokaleku horiek etxebizitza eremu gisa edo ekipamendu zein aisialdi eremu gisa berreskuratzea nahi du EH Bilduk, edo, bestela, berrerabili eta industria proiektu berriak bertan kokatzeko.

Hirugarren aukera industrial horri dagokionez, dibertsifikazioa eta ekonomia zirkularra aldarrikatu ditu EH Bilduk: "Birziklapena eta berrerabilpena bultzatu behar dira". Hortaz, teknologia berriek zein osagai elektronikoek sortzen dituzten materia kritikoak birziklatzeko gune berri bat irekitzea proposatu du.

Berreskuratze proiektu horietarako, besteak beste, Lavesa, Cortasa, Valvospain, Gama edo Somolsako kokaleku zaharrak aipatu ditu EH Bilduk.

Turismo jasangarria eta Nerbioiko parkea

Turismo jasangarria sustatzeko eta Nerbioiko parke lineala amaitzeko 5,5 milioi euroko inbertsioa izango litzateke. Turismoari dagokionez, ekoturismoarekin eta landa turismoarekin lotutako proiektuak planteatzen ditu EH Bilduk: "Aisialdi bainurako urmaelak, camping ekologikoak eta Nerbioiko parke linealarekin loturak sortzea". Nerbioiko parkearen kasuan, ibilbide nagusian Delika eta Amurrio arteko lotunearekin bukatzeaz gain, meandroak berreskuratzea eta gainerako berdeguneak egokitzea proposatzen du alderdi subiranistak.

Etxebizitzak birgaitzea

Hirugarrenik, etxebizitzak zaharberritzeko eta hirigune degradatuak birsortzeko 3,5 milioi euroko beste inbertsio bat jasotzen du Ernaiberri Aiaraldea planak. "Birgaitze energetiko pasiboa eta aktiboa, irisgarritasuna hobetzea, hiri-ingurune degradatuetan inbertsioak egitea eta ondare historikoan eta hirigune historikoetan esku hartzea dira proiektu horren ardatzak", azaldu dute.

Sukalde zentrala

EH Bilduren zazpi proposamenen artean azkena sukalde zentral bat sortzea da, eskualdeko jantoki kolektiboak eta bestelako beharrak dituzten herritarrak elikagai osasungarriz hornitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide