Aiaraldea suspertzeko planak 24 milioi euroko inbertsioa egingo du eskualdean

Erredakzioa 2021ko mai. 10a, 11:30

Laudio, airetik ikusita. / IREKIA

Arabako Foru Aldundia Aiaraldea eskualdea suspertzeko plana diseinatzen hasi da, Eusko Jaurlaritzak eskainiko dizkion 24 milioi euroak inbertitzeko. Horretarako, idazkaritza tekniko baten laguntza izango du.

Eskualdea suspertzeko helburua izango duen Aiaraldea Plana diseinatzeko lehen urratsa eman du Diputazioak. Datozen egunetan, plan estrategikoa aztertu, garatu eta jarraituko duen idazkaritza teknikoa kontratatzeko lizitazioa egingo du.

Izan ere, erakundeen arteko Berpiztu programaren barruan, Eusko Jaurlaritzak 24 milioi euro eskainiko ditu Aiaraldea eskualdean inbertitzeko, eta horientzako helmuga egokia bilatu nahi du Aldundiak, eskualde behartsuei edo lehentasunezko arreta eremuei bultzada bat emateko plan berezi batekin.

Aiaraldearen egoera sozioekonomikoa bereziki latza izaten ari da azken aldian, eta Covid-19aren krisiak zein Tubacexeko kaleratzeek larriagotu egin dute. Larrialdi egoera horri aurre egiteko, 2021 eta 2022 urteetan berehalako jarduketa-plan bat proposatu du Aldundiak, eta, orain, idazkaritza teknikoak gauzatu beharko du; baita epe ertain eta luzerako plan estrategiko bat ere.

"Eskualdearekin eta eskualderako diseinatutako plana izango da", azpimarratu du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak. "Erakundeen arteko lankidetzan oinarrituko da, eta eremu horren etorkizuneko garapenean eragina izango duten trakzio-proiektuak definituko ditu".

2030. urtea zerumugan

Laster Aiaraldean aktibatuko den epe ertain eta luzerako plan estrategikoak epe luzeko ikuspegiarekin lan egingo du, 2030. urtea estrategiaren zerumuga gisa hartuta. Horretarako, "lidergo instituzional partekatua, metodologia komuna eta eragile ekonomiko eta sozialen parte hartzea" izango ditu oinarrian.

Bestalde, diagnostikoa eta jarduera-plana bost arlo sektorialen inguruan antolatuko dira: ekonomia suspertzea, enplegua eta prestakuntza, gizarte kohesioa eta zerbitzu publikoak, hiri eta ingurumen berroneratzea, eta lurraldea eta jasangarritasuna.

Horrez gain, trakzio-proiektuen kopuru mugatu bat identifikatuko dute, eskualdearen garapen iraunkorrean eragin handia izan dezaten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago