Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak Guardian Automotive Laudioko fabrika bisitatu du gaur. Izan ere, duela bi aste, automobilentzako beirazko soluzietan aditua den enpresak bere azken inbertsioa iragarri zuen: zortzi milioi euro, urtean 800.000 unitate ekoizteko gaitasuna duen kurbatzeko labe berri bat martxan jartzeko.
Labe konbentzionalekiko energia kontsumoa murrizten duen azken belaunaldiko ekipo berritzaile horrek hainbat teknologia sortzeko gaitasuna du: besteak beste, HUD (head up display) edo aurreko ilargiko irudi-proiekzioak, gidatzeko garrantzitsua den informazio guztia ezagutzeko aukera ematen dutenak, ikusmena errepidetik aldendu gabe; eta eguzki-sabaiak, merkatuko teknologia aurreratuenekin.
Ahaldun nagusiak azaldu duenez, inbertsio berri horrek "Guardian Automotiveren presentzia sendotuko du erreferentziako enpresa gisa jatorrizko ekipoen eta ordezko piezen merkatuan; izan ere, automobilaren beira-premia guztiak estaltzeko aukera emango dio, aurrealdeko beiretan duen kokapena areagotuz eta bere eskaintzari atzealdeko, alboetako eta eguzki-sabaietako beira sorta zabala gehituz".
Laura Alvarez Guardian Automotiveko zuzendari komertzialak, "konpainiak bere Arabako lantegiaren alde egindako apustua" azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkio ahaldun nagusiari erakutsitako babesagatik.
Ramiro Gonzalezek, bere aldetik, Guardian Automotivek Aiaraldean "sare ekonomikoari eta enpleguari eusteko hartu duen konpromisoa" goraipatu du: "Eskualde hau une zaila pasatzen ari da; horregatik oso pozgarria da Guardian Automotive bezalako adibideak aurkitzea; izan ere, apustu horri eusteaz gain, hazkunde-planekin jarraitzen dute". Zentzu horretan, Aiaraldea Planaren bitartez eskualdean 24 milioi euro inbertituko direla gogorarazi du, eskualde industrial honetan nplegua suspertzen eta sortzen laguntzeko.
Gaur egun, 241 langile ditu Laudioko fabrikak, eta 350 pertsonak lan egiten dute Guardian Automotive enpresarentzat, Araban, Valentzian eta Alemanian, besteak beste.