Guardia Zibilak bi preso ohi atxilotu ditu, horietako bat Amurrioko bizilaguna

Erredakzioa 2021ko eka. 30a, 15:30
Amurrioko bizilaguna da Pipe San Epifanio, atxilotuetako bat. / Argazkia: @Indautxutik

Pipe San Epifanio eta Kai Saez de Egilaz preso ohiak atxilotu ditu Guardia Zibilak, euskal presoen ongietorrien antolakuntza leporatuta. Atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioa egingo dute Amurrion, San Epifanioren bizilekuan.

Guardia Zibilak euskal presoen ongietorrien aurkako operazioa egin du gaur goizean, eta bi preso ohi atxilotu ditu ustez ekitaldi horien antolakuntzan parte hartzeagatik. Felipe Pipe San Epifanio Bilbon atxilotu dute, baina Amurrioko bizilaguna da duela hilabete batzuetatik hona; 2017an gelditu zen aske, ETAko kide izatea leporatuta 23 urte espetxean igaro ostean. Karlos Kai Saez de Egilaz, berriz, Basaurin atxilotu egin dute.

Atxiloketak Auzitegi Nazionaleko 6. instrukzio epaitegiaren aginduz egin dituzte, "terrorismoa goratzea" eta "biktimak iraintzea" egotzita. 2020ko urtarrilean burututako Kabat operazioaren jarraipen gisa egin dira atxiloketak; operazio hartan, Oihana San Vicente arabarrarekin batera, Jose Antonio Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia eta Haimar Altuna eraman zituzten, ongietorriak antolatzea leporatuta.

Bi atxilotuak libre daude dagoeneko. Saez de Egilaz 13:30ak aldera gelditu da aske, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteletik igaro ostean. San Epifanio ere eguerdian zehar askatu dute.

Elkarretaratzea Amurrion

Sare Herritarrak "lekuz kanpoko ikuskizuntzat" jo duen operazioa salatu du, "iraganera eramaten gaituela" deitoratuz. "Ezin da delitu bihurtu zigorra osorik bete duen pertsona baten askatasunak senide eta lagunen artean sor dezakeen poza", gaineratu du Sarek.

Atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, Bakea eta demokrazia. Atxilotuak askatu! lelopean. Amurrion ere, San Epifanioren bizilekuan, elkarretaratzea egingo dute gaur, asteazkena, 19:30ean Juan de Urrutia plazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide