Zabaleko eskola ixtearen aurkako manifestazioa deitu dute ostiralerako

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 10:00
Eskolaren itxieraren aurkako pankarta bat, Amurrion. / @ZabalekoBizirik

Eskola Txikiaren hezkuntza komunitatea biltzen duen Zabaleko Bizirik plataformak mobilizazioa deitu du Amurrion ostiralerako, ikastetxearen itxieraren kontra. 17:30ean abiatuko da ikastetxe paretik, eta Juan de Urrutia plazaraino iritsiko da.

Amurrioko San Jose auzoko Zabaleko Eskola Txikiko hezkuntza komunitateak joan den ostegunean izan zuen ikastetxea ixteko erabakiaren berri. Izan ere, Hezkuntza Sailak Amurrioko Lehen Hezkuntzako bi ikastetxe publikoak batu nahi ditu: Mendiko Ikastetxea eta Zabaleko Ikastetxea.

Erabakiaren aurrean, ikastetxeko hezkuntza komunitateak Zabaleko Bizirik plataforma osatu du, "erabateko desadostasuna eta arbuioa" plazaratzeko. Besteak beste, 1.500 sinadura baino gehiago bildu dituzte jada change.org plataforman: "Erabaki honek gure eskolaren amaiera dakar eta Amurrioko historiari Zabaleko ikastetxeak egindako ekarpena ahaztea. San Jose auzoarentzat eskolak izan duen eta egun duen garrantzia ezin ahaztu, auzo baten, komunitate baten ardatza da eta", azpimarratu dute.

Sinadura bilketarekin batera, urrats gehiago ematen hasi dira. Horietako lehena ostiral honetan, maiatzaren 28an, 17:30ean ikastetxearen paretik abiatuko den Euskal Eskola Publikoaren aldeko Martxa izango da. Protesta Juan de Urrutia plazaraino iritsiko da, udaletxeko plazaraino, hain zuzen ere. Mobilizazioarekin bat egitera dei egin diete Aiaraldea osoari, eskualdeko guraso elkarteei, familiei, Amurriori eta, bereziki, San Jose auzoari.

Itxiera bertan behera?

Piztutako polemikaren harira, Hezkuntza Sailak komunikatu bat plazaratu du, 2021-2022 ikasturtea "planifikatutakoaren arabera" egingo dela ziurtatuz.

Hala ere, Zabaleko Bizirik plataformak protestekin aurrera egiteko asmoa iragarri du, ikastetxeko hezkuntza komunitatearen ustez Hezkuntza Sailaren komunikatuak ez duelako bermatzen etorkizunean, 2022-2023 ikasturtetik aurrera, bi zentroek bat egingo ez dutenik. Gurasoek "kezka eta nahigabea" agertu dute "ziurgabetasun" egoera hori dela eta.

Beraz, bere jarduerarekin jarraituko du plataformak, sortu zenetik ezarritako helburua betetzen dela bermatzeko: "Zabaleko Herri Ikastetxeak udalerrirako kalitatezko hezkuntza erreferentzia izaten jarrai dezan, datorren ikasturtean ez ezik, hurrengo urteetan ere", adierazi dute, itxiera eragozteko laguntzagatik Amurrioko Udalari eskerrak emanez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide