SOS Aiaraldea

Aiaraldeko etorkizunaren aldeko mobilizazio eguna deitu dute ekainaren 2rako

Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 08:30
Fronte zabalaren eta ekainaren 2ko mobilizazio egunaren aurkezpena. / LAB

Aiaraldeko eragile sozial, politiko eta sindikalek fronte zabal bat osatu eta ekainaren 2rako mobilizazio eguna deitu dute eskualdean, SOS Aiaraldea lelopean.

Tubacexeko langileek 100 egun baino gehiago daramatzate jada kaleratzeen aurkako greba mugagabean. Horren eta beste hainbat faktorerengatik, Aiaraldearen egoera sozioekonomikoa kezkagarria da gaur egun; Tubacexeko gatazkaz gain, hainbat enpresa itxi dira, eta kaleratzeak zein lan baldintzen prekarizazioa zabaldu dira.

Horren aurrean, Aiaraldeko fronte "anitz eta zabal" bat osatu dute gehiengo sindikaleko ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek, eskualdeko enpresa batzorde, sektore publikoko langile, ostalari, merkatari, mugimendu feminista, gazte mugimendua eta pentsiodunen mugimenduarekin batera. Amurrio Antzokian aurkeztu dute egitasmoa, igande honetan egindako ekitaldi batean.

"Eskualde honen aldeko apustu argi eta irmoaren konpromiso instituzional ezak eragin du egoera. Etorkizunik gabe geratzen ari gara", salatu dute manifestuan. Horri guztiari "eskualde gisa erantzuteko" eta "indar erakustaldia" egiteko deia zabaldu dute.

Lanuzteak eta bi manifestazio

Bide horretan, fronte zabalaren hurrengo urratsa eskualde mailako mobilizazio eguna antolatzea izango da. Hurrengo asteazkenean, ekainaren 2an, egun osoan zehar, mobilizazioak izango dira SOS Aiaraldea lelopean:

  • 10:00-14:00: lau orduko lanuzteak sektore guztietako enpresetan, saltokietan eta ostalaritzan izan ezik. Izan ere, azken horiek negozioak itxiko dituzte manifestazioen orduetan, eta protesta bisualak egingo dituzte erakusleihoetan.
  • 11:00: eguneko lehenengo manifestazioa, Laudioko Herriko Plazatik abiatuta.
  • 19:00: bigarren manifestazioa, Amurrioko Herriko Plazatik (Juan de Urrutia Plaza) irtenda.

"Aiaraldea larrialdi egoeran dago; defenda dezagun gure etorkizuna, aldarrikatu dute SOS Aiaraldea manifestuan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide