44 egun bete dituzte Tubacexeko langileek erabateko jarraipena izaten ari den greba mugagabean, zuzendaritzak ezarri nahi dituen 129 kaleratzeen aurka. Soilik zuzendaritzako kideak eta erdi-mailako arduradun batzuk doaz egunero lanera, Laudio eta Amurrioko lantegietara.
Bitartean, kanpoaldean, ohikoa bihurtu da piketeak ikustea, zuzendaritzako kideen autobusaren sarrera oztopatzeko ahaleginean hamaika modu asmatuz. Ohikoa bihurtu da, era berean, Ertzaintzaren eguneroko presentzia; baita, horrekin batera, langileen aurkako oldarraldiak ere. Denbora horretan, gainera, 10 lagun baino gehiago identifikatu ditu Ertzaintzak lan gatazkaren irudiak grabatzeagatik.
Foam balak eta tanketa bat
Langileen eta Ertzaintzaren arteko talkaren irudiek zabalpen handia izan dute otsailaren 15ean greba abiatu zenetik. Azken kapitulua ostegun honetan izan da, 43. greba egunean: piketeek Amurrioko lantegiko sarreran piztutako suzko barrikada batekin ekin zioten egunari. Ertzaintzaren erantzuna gogorra izan zen: Brigada Mugikorra agertu zen, kargak, foam balak eta zauritutako langileak izan ziren (ez da lehen aldia), eta, arratsaldean, tanketa bat ere eraman zuten.
LAB sindikatuaren ustez, Ertzaintza "neurriz kanpoko jokabidea" izaten ari da Tubacexeko langileen piketeetan eta protestetan: "Ostegunekoa ez da izan langileek Ertzaintzaren probokazioa eta erasoa jasan duten lehen aldia, ezta bigarrena ere. Tamalez, 44 greba egun hauetan hainbat ekintza probokatzaile eta neurriz kanpoko izan da Ertzaintzako hainbat kideren eskutik, baita dispositibo osoen eskutik ere, atzoko kasuan bezala".

Neurriak hartzeko eskaera
Beraz, Ertzaintzaren jokabidea "gutxienez zalantzagarria" izaten ari dela uste du sindikatu abertzalea. Gainera, gatazkan zehar, hainbat komunikabideri informazioa ematea galarazi zaiela eta langileen ordezkari batzuen aurka egiten saiatu direla kritikatu du.
"Zenbait agente harrokeria eta agintekeriazko jarrerak izaten ari dira langileen aurka, etengabe zirikatzen eta kikiltzen saiatzen, bokatxarekin apuntatuz edo inolako arrazoiketarik gabe identifikatuz, besteak beste", ohartarazi du LABek.
Azkenik, arduradun politikoei "neurriak har ditzatela" eskatu die LAB sindikatuak, "gertakari horiek errepika ez daitezen". Azpimarratu duenez, "Tubacexeko langileek dagokien errespetuarekin tratatzea merezi dute, beren lanpostuak eta beren familien zein eskualdearen etorkizuna defendatzen ari baitira, enpresako zuzendaritzaren diru-gosearen aurrean".