Bertako zuhaitzak, klima aldaketari aurre egin eta tokiko kontsumoa bultzatzeko

Erredakzioa 2021ko mar. 15a, 10:43
Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformaren aurkezpena, otsailean. / BASO BIZIAK

Uhandre Amurrioko Baso Biziak elkarteak bertako zuhaitzak landatuko ditu Baranbion, lehenago insignis pinuarekin landatutako lursail publiko batean. Tokiko kontsumoari balioa eman eta klima aldaketaren aurka borrokatu nahi dute.

Tokiko kontsumoa eta kontsumo arduratsua planetaren iraunkortasunerako lehen urratsa dela uste du Uhandre Amurrioko Baso Biziak elkarteak. "Gure ingurune hurbilenean kontsumitzeak ingurumenaren gainean dituen eragin positiboak balioetsi nahi ditugu, tokiko ekonomian eta gizarte garapenean ez ezik", azaldu dute.

Azpimarratu dutenez, bertako saltoki txikietan kontsumitzeko ohiturak inpaktu positibo ugari ditu: "Ekonomia auzotarrengana itzultzen da, auzoari nortasuna ematen dio, konfiantza sareak sortzen ditu, auzo harremanak sendotzen ditu, enplegua sortzen du, eta karbono aztarna murrizten laguntzen du, ibilgailu motordunekin joan etorriak saihesten baitira".

Beraz, tokiko kontsumoari balioa emateko helburu horrekin, eukalipto monolaborantzaren arazoei aurre egiteko jaiotako herri ekimenak espezie autoktonoak dituzten zuhaitzak landatuko ditu Baranbioko Administrazio Batzarreko lurzati publiko batean. Hain zuzen ere, lurzati hori lehenago insignis pinuarekin landatuta zegoen.

Tokiko kontsumoari balioa emateaz gain, klima aldaketaren aurkako borrokan ere ekarpena egin nahi dute ekimen horren bitartez. Izan ere, azaldu dutenez, landaketa horri esker "CO2 bahitu, ondasunak ekoiztu, lurzorua babestu, ura eta beste ingurumen elementu batzuk babestu, bioaniztasuna zaindu eta paisaia hobetu" egingo da.

Eguraldiak aukera ematen badu, datorren ostiralean, martxoaren 19an, egingo da landaketa, lur publikoa plataformaren esku jarri duen Baranbioko Administrazio Batzordearen eta "inguruko mendien kontserbazioan aktiboki parte hartzeko interesa duten herritarren" laguntzarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide