Eukalipto monolaborantzaren arazoei aurre egiteko ekimena jarri dute martxan

Erredakzioa 2021ko ots. 7a, 15:30
Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformaren aurkezpena. / BASO BIZIAK

Uhandre-Amurrioko Baso Biziak elkartea sortu dute, eukalipto monolaborantzek sortutako ingurumen arazoei aurre egiteko.

Eukaliptoaren hedapen inkontralatuak lurraldean sortzen dituen ingurumen arazoei buruz hausnartu eta jardun nahi duen herri ekimena da Uhandre-Amurrioko baso biziak elkartea.

Ekimeneko kideek adierazi dutenez, gaur egun sortze prozesu betean daude, eta helburuetako bat da "herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea pinudien monolaboralantza ordez eukalipto monolaborantzak jartzeak sortzen dituen ingurumen arazoez".

Azkenaldian, klima aldaketaren ondorioz, euskal pinudiek gero eta gaixotasun gehiago, indartsuagoak eta askotarikoagoak jasaten dituzte. Azken urteotan, batez ere 2018an, Banden gaixotasuna izenez ezagutzen den gaixotasunaren ondorioz, Arabako mendiak betetzen dituzten pinudi asko erabat moztu behar izan dira matarrasa; horietako asko "presaka, mozketaren puntu optimora iritsi gabe", azaldu dute.

Ondorioz, mendi horiek eukaliptoz ari dira birsortzen. "Espezie hori hedatzen ari da, eta, ebidentzia zientifikoan oinarrituta, inbasio arrisku handia dute, eta oso arriskutsua da biodibertsitateari eta ekosistemen funtzionaltasunari eusteko", ohartarazi dute. "Eukaliptoa ugaritzea, zalantzarik gabe, arrisku larrian jartzen ari da Amurrioko mendiaren multifuntzionaltasuna, iraunkortasuna eta balioa".

Interes orokorra

Plataformak "paperaren industrien interesak" daudela azaldu du, "bidezkoak izan daitezkeen arren, ez datozela nahitaez bat herritarrek eta lurraldeak berak biodibertsitateari, paisaiari, ingurumen-hezkuntzari, turismoari edo alternatiba ekonomikoei dagokienez duten interes orokorrarekin".

Testuinguru horretan jaio da Uhandre Amurrioko Baso Biziak elkartea: "Interes kolektiboak defendatzeko, ingurumen kaltearen ebidentzia zientifikoan oinarrituta eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legeak toki erakundeei natura ondarea eta biodibertsitatea kontserbatzeko neurri arauemaile edo administratibo gehigarriak ezartzeko ematen dien gaitasunean oinarrituta", udalbatzari eskatu diote dagozkion neurriak har ditzala Amurrioko eukaliptoen landaketen aurka.

Horretarako, manifestu baten aldeko sinadurak eta atxikimenduak biltzeko kanpaina abiatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide