Akordiorik gabe amaitu dira negoziazioak Tubacexen

Erredakzioa 2021ko mar. 10a, 16:52
Zuzendaritzaren eta sindikatuen azken bilera Bilbao hotel batean egin da. / @AiaraldeaGreba

Negoziazioak amaitu dira Tubacexen, akordiorik gabe eta greba mugagabearen testuinguruan. Zuzendaritzak 136 langile utziko ditu kalean, baina sindikatuek borrokan jarraitzeko asmoa berretsi dute kaleratzerik egon ez dadin.

Otsailaren 15ean abiatutako greba mugagabearen ostean, 136 kaleratze hasieran 150 ziren gauzatuko dituen EEE bat eta langile guztientzako ABLEE bat martxoaren 29tik irailaren 10era bitartean—. Horiek dira Tubacexeko zuzendaritzak mahai gainean utzi dituen proposamen bakarrak. Negoziazio gogorrak, eguneroko piketeak eta Aiaraldeko eskualde osoa Tubacexeko langileen alboan. Baina ez da akordiorik lortu.

Atzo, asteartean, langileen batzordeak bukatutzat eman zuen negoziazioa, zuzendaritza kaleratzeei uko egiteko prest ez dagoelako.

Greba hasi zenetik egunero bezala, goizeko lehen orduan piketeak izan dira gaur Laudioko fabrikaren aurrean. Langileek eserialdia egin dute sarreran, eta zuzendaritzaren zein langile greba-hausleen autobusek ez dute lortu lantegian sartzea.

Azken bilera, Bilbon

10:30ean, zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazioen azken bilera egitekoa zen. Azkenean, zuzendaritzak Bilbora mugitu du bilera, eta 11:30ean hasi da, NH Villa de Bilbao hotelean.

Sindikatuek eta Aiaraldeko Greba Batzordeak 11:30etik aurrera Bilboko Jesusen Bihotzean mobilizatzeko deia egin diete herritarrei. Ertzaintzak enpresa batzordeko zenbait kide miatu ditu bileran sartzen ari zirenean, eta, bitartean, hainbat pertsona protesta egiten geratu dira eraikinaren kanpoaldean.

Arratsaldean, espero zen bezala, akordiorik gabe amaitu da bilera. Hotelaren barrutik, enpresa batzordeko kideek bideo bat grabatu dute bileraren amaieraren berri emateko: bukatutzat eman dituzte negoziazioak, eta bihar borrokan jarraitzeko deia berretsi dute. Gainera, litekeena da enpresak alde bakarrez hartutako erabakiak epaitegietan amaitzea.

Erabaki berriak hartu aurretik, langileek asanblada bat egingo dute ostegunean, negoziazioen xehetasunak elkarbanatzeko.

AIARALDEA hedabideak negoziazioen azken egunaren zuzeneko kontaketa egin du HEMEN.

136 kaleratze

Hasieran, Tubacexeko zuzendaritzak 150 kaleratze iragarri zituen gaur egun 800 bat langile dituzten Laudio eta Amurrioko lantegietan. Joan den astean, kaleratze kopurua 136ra jaistea proposatu zuen zuzendaritzak.

Orain arte, sindikatuek uko egin diote kaleratzeak barne hartzen dituen edozein planteamenduri; horretarako, aurre-erretiroak bezalako "neurri ez-traumatikoak" planteatu dituzte, enpresaren "egoera koiunturalari" aurre egiteko. Gainera, erakundeen inplikazioa exijitu dute, kaleratzeak geldiarazteko.

Astearteko bileran ezagutu da 22 pertsonak aurre-erretiroak eta pizgarridun bajak onartu dituztela, negoziazioetan zuzendaritzak proposatuta: horietako 12 aurre-erretiroak izango dira, beste 10 pizgarridun bajak eta gainerako 114ak nahitaezko kaleratzeak. Zuzendaritzak hilaren 15era arte luzatu du plan horiei heltzeko epea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide