Azken eguna Tubacexeko negoziazioan, 114 kaleratzerekin mahai gainean

Erredakzioa 2021ko mar. 10a, 10:30
EEEaren azken negoziazio egunean, langileek eserialdia egin dute Laudion. / LAB AIARA

Negoziazioen azken eguna iritsi da Tubacexera, akordiorik gabe eta otsailaren 15ean abiatutako greba mugagabearen testuinguruan. Kaleratzeen kopurua 114ra jaitsi du zuzendaritzak, baina sindikatuek negoziazioak bukatutzat eman dituzte.

29 greba egun, hiru aste eta erdiko greba mugagabea eta azkenean 114 kaleratze planteatzen dituen Enplegua Erregulatzeko Espediente bat mahai gainean. Negoziazio gogorrak, eguneroko piketeak eta Aiaraldeko eskualde osoa Tubacexeko langileen alboan. Baina ez da akordiorik lortu.

Atzo, asteartean, langileen batzordeak bukatutzat eman zuen negoziazioa, zuzendaritza kaleratzeei uko egiteko prest ez dagoelako. Asteazken honetan, 10:30ean, zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazioen azken bilera egitekoa zen. Azkenean, zuzendaritzak Bilbora mugitu du bilera, eta 11:30ean hasiko da, NH Villa de Bilbao hotelean.

Sindikatuek eta Aiaraldeko Greba Batzordeak 11:30etik aurrera Bilboko Jesusen Bihotzean mobilizatzeko deia egin diete eskualde osoko herritarrei.

Greba hasi zenetik egunero bezala, goizeko lehen orduan piketeak izan dira Laudioko fabrikaren aurrean. Langileek eserialdia egin dute sarreran, eta, atzo bezala, zuzendaritzaren eta langile greba-hausleen autobusek ez dute lortu lantegian sartzea.

AIARALDEA hedabidea negoziazioen azken egunaren zuzeneko kontaketa egiten ari da HEMEN.

114 kaleratze

Hasieran, Tubacexeko zuzendaritzak 150 kaleratze iragarri zituen gaur egun 800 bat langile dituzten Laudio eta Amurrioko lantegietan. Joan den astean, kaleratze kopurua 136ra jaistea proposatu zuen zuzendaritzak.

Orain arte, sindikatuek uko egin diote kaleratzeak barne hartzen dituen edozein planteamenduri; horretarako, aurre-erretiroak bezalako "neurri ez-traumatikoak" planteatu dituzte, enpresaren "egoera koiunturalari" aurre egiteko. Gainera, erakundeen inplikazioa exijitu dute, kaleratzeak geldiarazteko.

Astearteko bileran ezagutu da 22 pertsonak aurre-erretiroak eta pizgarridun bajak onartu dituztela, negoziazioetan zuzendaritzak proposatuta: horietako 12 aurre-erretiroak izango dira, eta beste 10 pizgarridun bajak. Zuzendaritzak hilaren 15era arte luzatu du plan horiei heltzeko epea.

Gaurko bilera azkena izango da. Aurreikus daitekeenez, ez da aldaketarik izango, eta izapide bakarra negoziazio prozesuaren amaiera sinatzea izango da. Litekeena da enpresak hartzen dituen erabakiak epaitegietan amaitzea negoziazioak amaitu ondoren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide