Tubacexeko piketeekin bat egin dute Tubos Reunidoseko langileek

Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 10:56
Tubos Reunidos eta Envases Metalúrgicoseko langileek piketeekin bat egin dute. / LAB

Otsailaren 15ean hasitako greba mugagabearen hirugarren astean murgilduta daude Tubacexeko langileak. Astearte honetan, zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko bilera dago, eta Tubos Reunidoseko langileek bat egin dute piketeekin.

Iragarritako 150 kaleratzeen aurrean, asteotan, Aiaraldeko eskualde osoa ari da Tubacexeko langileei elkartasuna adierazten. Astearte honetan, Tubos Reunidos eta Envases Metalúrgicos de Álava enpresetako langileen txanda izan da; izan ere, goizeko piketeetara batu dira.

Aiaraldea hedabideak argitaratu duenez, enpresako zuzendaritzak sarrera ordua aurreratu du piketeak ekiditeko. Greba hasi zenetik, egunero 8:00ak aldera sartu da zuzendaritzaren eta greba egiten ez duten langileen autobusa; baina astelehen honetan 6:00ak aldera iritsi da Laudiora, eta 7:10ean Amurriora.

EEEaren inguruko negoziazioen testuinguruan, zendaritzaren eta langileen batzordearen arteko astearteko bileran, kaleratzeak 150etik 134ra murriztea proposatu die Tubacexeko zuzendaritzak sindikatuei.

Martxoaren 10ean, negoziazioen amaiera

Aurreikusi denez, martxoaren 10ean amaituko dira negoziazioak, eta Tubacexeko zuzendaritzak ordurako argitu beharko ditu bere planteamenduaren xehetasunak. Egun hori iritsi bitartean, gutxienez hiru bilera gehiago aurreikusi dira zuzendaritzaren eta sindikatuen artean: astearte honetan, ostegunean eta, azkena, hurrengo asteartean.

 

Kaleratzeak

Negoziazio mahaiaren lehen bilera otsailaren 8an egin zen, eta aurreratu zuena baieztatu zien Tubacex enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariei: alde batetik, enplegua erregulatzeko espediente bat (EEE) berehala aurkeztuko duela, 150 lanpostu behin betiko ezabatuz; zuzendaritzaren azken proposamenak 134 kaleratze aurreikusi ditu.

Horrez gain, plantilla osoari eragingo dion aldi baterako lan-erregulazioko espediente berri bat martxan jarriko du (ABLEE), orain arteko hirugarrena, otsailaren 7an amaitutakoari jarraipena emateko. Espediente hori martxoaren 29tik irailaren 10era bitartean izango da indarrean.

Uztailean, Tubacex taldeko zuzendaritzak iragarri zuen gastuak doitu behar zituela, eta, horretarako, beharrezkotzat jo zuen plantillaren %20 inguru murriztea. Gaur egun, guztira, 2.500 langile baino gehiago daude talde osoan, eta 800 inguru Aiaraldeko lantegietan, Amurrion eta Laudion.

Uztaileko iragarpenaren ostean, langileen mobilizazio zein lanuzte ugari eta emaitzarik gabeko negoziazioak izan dira. Urte amaieran, gainera, 13 milioi euroko galerak zituela iragarri zituen enpresak, 236,9 milioi euroko likidezia duela onartu zuen arren; hau da, 2024ra arteko maileguei aurre egiteko nahikoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide