Tubacexeko langileek greba mugagabea hasi dute kaleratzeen kontra

Erredakzioa 2021ko ots. 15a, 14:19
Tubacexeko langileen piketea, astelehen honetan. / @SortuAiaraldea

Astelehenetik aurrera greba mugagabeari ekin diote Tubacexeko langileek, zuzendaritzak Laudio eta Amurrioko 150 langile kalean utziko dituen EEEa eta plantilla osoari eragingo dion ABLEE berri bat ezarriko duela baieztatu ondoren.

Joan den ostegunean eta ostiralean 24 orduko lanuzteak eta hainbat mobilizazio egin ostean, Tubacexeko langileek greba zikloari jarraipena emango diote, astelehen honetan abiatu duten greba mugagabearekin.

Negoziazio mahaiaren lehen bilera egin zen otsailaren 8an, astelehenean, eta aurreratu zuena baieztatu zien Tubacex enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariei: alde batetik, enplegua erregulatzeko espediente bat (EEE) berehala aurkeztuko duela, 150 lanpostu behin betiko ezabatuz.

Horrez gain, plantilla osoari eragingo dion aldi baterako lan-erregulazioko espediente berri bat martxan jarriko du (ABLEE), orain arteko hirugarrena, otsailaren 7an amaitutakoari jarraipena emateko. Espediente hori martxoaren 29tik irailaren 10era bitartean izango da indarrean.

Plantillaren %20

Uztailean, Tubacex taldeko zuzendaritzak iragarri zuen gastuak doitu behar zituela, eta, horretarako, beharrezkotzat jo zuen plantillaren %20 inguru murriztea. Gaur egun, guztira, 2.500 langile baino gehiago daude talde osoan, eta 800 inguru Aiaraldeko lantegietan, Amurrion eta Laudion.

Uztaileko iragarpenaren ostean, langileen mobilizazio zein lanuzte ugari eta emaitzarik gabeko negoziazioak izan dira. Urte amaieran, gainera, 13 milioi euroko galerak zituela iragarri zituen enpresak, 236,9 milioi euroko likidezia duela onartu zuen arren; hau da, 2024ra arteko maileguei aurre egiteko nahikoa.

Greba mugagabea

Enpresa batzordeko bozeramaileek albistea "oso txarra" dela adierazi eta langileen "erantzuna sendoa" izango dela iragarri dute. Lehen urratsa 24 orduko lanuzteak izan ziren, ostegunean eta ostiralean. Halaber, greba iraunkorrera jotzeko aukera aztertu ostean, astelehenetik aurrera greba mugagabea abiatzea erabaki du plantillak.

Langileen ordezkarien ustez, enpresak bizi duen krisia "koiunturala" da, batez ere pandemiak eta eskaeren jaitsierak eraginda. Hortaz, "neurri traumatikoak" baztertu eta aldi baterako neurrien alde egiten dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide