Lan istripua

Laudioko ikastetxe publikoko langile bat larri dago, lanean bihotzekoak eman ostean

Erredakzioa 2021ko ots. 3a, 09:31
Latiorro Ikastetxea, Laudion. / GOOGLE MAPS

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, Laudioko Latiorro ikastetxe publikoan"lan istripu larria" gertatu zen joan den ostiralean. Sukaldari eta garbitzaileen kolektiboko langile bati bihotzekoak eman zion, eta larri dago une honetan.

Larri dagoen langileari "elkartasuna eta babesa" adierazi dio LAB sindikatuak. Gogorarazi duenez, azken egunetan antzeko kasu ugari jazo dira Euskal Herrian; tartean, astelehen honetan bihotzekoak jota Gasteizen hildako FCCko langilearena.

Horrekin batera, sukaldari eta garbitzaileen kolektiboaren egoera salatu du sindikatuak: "Langileen %68 behin-behinekoa da administrazioko kopururik altuena, langileek ez dituzte haien funtzioak zehaztuta, ordezkapenak ez dira betetzen, ratioak kontuan izanda laguntza kontratuak ez dira izendatzen, eta Covid-19ko errefortzuak ez dira kontratatzen hainbat ikastetxeetan, lan-zama gero eta handiago da", zerrendatu du LABek.

LABek ohartarazi duenez, azken urteetan hainbat gaixotasun profesional suertatzen ari dira kolektibo honetan ari diren langileen kasuan; eta baita lan istripuak ere: "Lanpostu arriskutsuak direla esan dezakegu", azpimarratu dute.

Negoziazio kolektiboa

Kolektibo horren "lanpostu guztien balorazioa" eskatu du LABek. "Arriskuak ezagutu eta aztertu daitezen eta langileen osasun zaintza berma dezatela" exijitu du, halaber.

Horretarako, negoziazio kolektibo "zintzo" baten beharra defendatu du sindikatu abertzaleak: "Arazoa ondo bideratu daiteke, langile guztientzako irtenbide egokia bilatuz. Kontsolidazio prozesuak behar dira eta egiteko lege propioa behar da, salbuespen egoera bati salbuespeneko neurriekin erantzunez", adierazi du LABek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide