Tubacexek 150 langileri eragin diezaiekeen kaleratze kolektiboa ezarriko du

Erredakzioa 2021ko ots. 1a, 18:00
Tubacexeko langileen mobilizazioa enpresaren aurrean, 2020ko protestetan. / AIARALDEA

Tubacexek astelehen honetan iragarritako Enplegua Erregulatzeko Espedienteak Laudio eta Amurrioko 150 langile kaleratzea ekar lezake. Gainera, berehala amaituko den ABLEEari jarraipena emateko, aldi baterako espediente berria ezarri nahi du.

Astelehen honetan, Tubacex enpresako zuzendaritzak negoziazio prozesu bat eta bi neurri berri jakinarazi die sindikatuei: alde batetik, enplegua erregulatzeko espediente bat (EEE) berehala aurkeztuko duela, lanpostu ugari behin betiko ezabatuz; bestalde, aldi baterako lan-erregulazioko espediente berri bat (ABLEE), orain arteko hirugarrena, otsailaren 7an amaituko denari jarraipena emateko.

Oraingoz, sindikatuek ez dute xehetasun gehiagorik jaso, baina negoziazio mahaiaren lehen bilera datorren astean egingo da. Hala ere, Amurrioko eta Laudioko lantegietan 150 bat kaleratze gerta litezke, enpresak azken hilabeteetan egindako iragarpenak eta aurreikuspenak betez gero.

Izan ere, uztailean, Tubacex taldeko zuzendaritzak iragarri zuen gastuak doitu behar zituela, eta, horretarako, beharrezkotzat jo zuen plantillaren %20 inguru murriztea. Gaur egun, guztira, 2.500 langile baino gehiago daude talde osoan, eta 800 inguru Aiaraldeko lantegietan, Amurrion eta Laudion.

Uztaileko iragarpenaren ostean, langileen mobilizazio zein lanuzte ugari eta emaitzarik gabeko negoziazioak izan dira. Urte amaieran, gainera, 13 milioi euroko galerak zituela iragarri zituen enpresak, 236,9 milioi euroko likidezia duela onartu zuen arren; hau da, 2024ra arteko maileguei aurre egiteko nahikoa.

Sindikatuen erreakzioa

ELA sindikatuak ohar bat plazaratu du zuzendaritzaren asmoa arbuiatuz. Oharrean, erakundeen inplikazioa eta "Europako funtsak lanpostuak mantentzen laguntzeko erabiltzea" eskatu du ELAk. Gainera, gogorarazi du 2020an aldi baterako 150 langile inguru kaleratu dituztela jada.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide