Tubacexeko langileak Batzar Nagusietara joango dira ostegunean

Erredakzioa 2020ko abe. 2a, 12:00
Azken asteetan Tubacexeko langileek egindako mobilizazioetako bat. / AIARALDEA.eus

Abenduaren 3an grebara doaz Tubacexeko langileak. Horrekin batera, enpresa batzordeak agerraldia egingo du Arabako Batzar Nagusietan; ordezkari politikoen aurrean, kaleratzeekin zuzendaritzak egindako "mehatxuak" salatuko dituzte.

"Kaleratzeak gauzatzeko eta industria-sarea zein enplegua suntsitzeko Tubacexeko zuzendaritzaren mehatxua" Arabako Batzar Nagusietan salatuko dute enpresako langileek, abiatutako mobilizazio zikloaren barruan egingo duten egun osoko lanuztearekin batera.

"Enpresak komunikabideetan egindako mehatxuen eta faltsutasunen ondoren, bere planarekin jarraitzen du, Aiaraldeko lantegiak lan kargarik gabe utziz, beste zentro batzuetan ekoizten jarraitzen duen bitartean", kritikatu du Tubacexeko enpresa batzordeak.

Egoera horren aurrean, sindikatuek greba jardunaldia eta mobilizazioak deitu dituzte ostegun honetarako, abenduaren 3rako. 10:00etan Batzar Nagusietan izango dira, eta 11:00etan Eusko Legebiltzarraren aurrean, enpresa batzordearen agerraldiari babesa emateko.

150 lanpostu arriskuan

Iragan uztailean, Tubacexeko zuzendaritzak zabalik utzi zuen Aiaraldeko lantegietako 150 behargin kaleratzeko aukera, eskualdeko lantegietan gastua 10 milioi euro murrizteko asmoa duelako. Berregituratze-planaren arabera, nazioarteko plantilla osoaren %20 inguru kaleratu nahi du Tubacexek, guztira 500 langile, gutxi gorabehera.

Une honetan, langileak azaroaren 4ra arte luzatuko den aldi baterako lan erregulazioko espediente batean daude. Sindikatuek ez dute baztertzen data horretatik aurrera kaleratzeak iristea. Gaur egun, 800 langile ditu Tubacexek Araban, Laudioko eta Amurrioko lantegietan; zuzendaritzak ez du, oraingoz, kaleratzeen inguruko informazio zehatzik baieztatu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide